Faktoria
Artisten estatutua
'Kultur sektorea arautzeko egin den ahaleginik serioena da hau'
Eneko Olasagasti aktorearen eta Juan Kruz Igerabide idazlearen hitzetan, prekarietateari aurre egiteko balio dezake Kongresuak adostatutako oinarri testuak. Urrats gehiago eskatu dituzte, ordea.
-
22:50 min
'Aktoreen artean, %80-ko langabezian dago', jakinarazi du Eneko Olasagastik euren lanbideak duen prekarietatearen neurria azpimarratzeko. Eta egiten den lana, gainera, 'oso baldintza txarretan egiten da, amateurismotik oso gertu'. Baldintza profesionaletan aritzeko aukerak murritzak dira eta lan jardun hori egiteko indarrean dagoen legeak ez ditu sektoreari dagokion berezitasunak kontutan hartzen.
Idazleei ere, antzera
Juan Kruz Igerabidek, adibidez, jubilatu ondoren idazleek royaltiengatik ordaindu behar izan dituzten isunak ekarri ditu gogora, juxtu, 'esperientzia profesional luze baten ondoren egindako lanaren aitortza jasotzen hasi direnean'. Alde horretatik, bai Olasagastik eta baita Igerabidek ere, ongi etorria eman diote Espainiako Kongresuak onartu berri duen estatutuari: 'Behingoagatik, sakonki heldu zaio gaiari'.
Prozesuaren nondik norakoak
Eduardo Maura Podemoseko ordezkari bizkaitarrak eraman zuen proposamena Kongresura eta haren ostetik azpibatzordea sortu zuten propio 2017an. 18 hilabetez aritu dira lanean bertan eta aho batez onartu zuten, uda indarrean sartzearekin batera, sektorea arautu eta prekarizaziotik atera nahi duen oinarri testua.
Azpibatzorde horretan aritu da Joseba Agirretxea, jeltzaleen ordezkaria. Agirretxeak azpimarratu du 'gizarteari izugarrizko ekarpena egiten dion sektorea' dela kultur arlokoa eta Maurak gaineratu du, 'zenbat eta prekarietate handiagoa, orduan eta kulturaz gozatzeko aukera eskasagoa izango duela gizarteak'.
Oinarri testua, bere horretan
Horri irtenbidea emateko osatu eta onartu dute oinarri testua. Gizarte segurantza, lana eta fiskalitatearekin lotutako 75 puntu jasotzen ditu guztira, eta besteak beste, hurrengoak biltzen ditu: kultur arlo guztietako langileentzat BEZa %10era jeistea; zergak, azken hiru edo lau urteko batazbestekoaren arabera ordaintzea eta bateragarri egitea egile eskubideen truke jasotzen duten dirua eta jubilazio pentsioa. Haurdunaldi arriskuaz eta amatasun baimenari buruzkoak ere zehazten ditu, lehen aldiz.
'Hemendik aurrera, sekulako lana du Gobernuak', zehaztu du Eneko Olasagastik oinarri testu horrek zenbat lege eta arau aldaketa eskatzen dituen kontutan hartuta. Hala ere, diputatuek bezala Faktoriak bildu dituen sortzaileek ere esperantza agertu dute, aho batez hartutako akordioa izan delako: 'Gobernu honek ez bada, hurrengoak gaiari helduko diola pentsa liteke', esan du Olasagastik.
Haratago
Nolanahi ere, haruntzago joan beharra dagoela adierazi dute aktore eta idazleak. Olasagastik esan duenez, iraganbide profesionala ahalbidetzeko moduak eta guneak sortu behar dira arte eszenikoko profesionalentzat, adin batetik aurrera langabezian geratu ez daitezen. Alde horretatik, herrietako musika eskolak arte eszenikoen eskolak bihurtzeko proposamena ari dira lantzen. Igerabiderentzat ere, 'hezkuntza arautuan formazio artistikoa serioago txertatzea' izan liteke konponbideetako bat.