Faktoria
ESPAINIAKO ITZULIA
'Gaurko etapa ikusgarria izango da eta ihesaldiren bat egongo da'
1982ko Espainiako Itzulian lehenengo postua lortu zuen Marino Lejarretak, eta 1983an bigarrena. Bi urte horietako Itzuliez eta gaurko etapaz aritu da hizketan 'Faktoria' Marino Lejarretarekin.
-
Marino Lejarreta
26:17 min
Espainiako Itzuliko 17. etapa Getxon hasiko da, eta Zugaztieta, Bilbo, Gaztelugatxe, Bizkaiko Behatokia, Urregarai, Orontzugarai eta Oiz mendia izango ditu protagonista. Horren harira Marino Lejarreta txirrindulari ohia elkarrizketatu du 'Faktoria'k.
Garaiak asko aldatu dira 80ko hamarkadatik ona txirrindularitzaren munduan. Garai hartan kaskorik gabe eta bisera atzeraka jantzita lehiatzen zirela txirrindulariak ekarri du gogora Marino Lejarretak. Gainera, irabazlea metatik pasa bezain laster hedabide guztiak beregana hurbiltzen ziren adierazpenak jasotzeko asmoz.
1982ko Espainiako Itzulia irabazi zuen Lejarretak, baina ez zaio asko gustatzen garaipen horretaz hitz egitea. Hasiera batean, bigarren postuan geratu zen, baina garaile titulua lortu zuen Angel Arroyok positibo eman zuen. "Astebetera deitu zidaten 82ko Itzulia irabazi nuela esanez" adierazi du txirrindulari ohiak. "Ez duzu disfrutatzen, ez nintzen podiumera igo".
Hala ere, harro dago 1983ko Itzulian bigarren geratu izanaz. Urte horretan, gainera, Covadongan amaitu zen etapa bat lehen aldiz. Carlos Machin ihes eginda zihoan eta inork ez zuen uste Lejarretak Machin harrapatu eta pasako zuenik. Telebistako esatari batek esan zuenez "lokomotor baten abiadura" hartu zuen berriztarrak.
Bizkaitik igaroko da Espainiako Itzuliko 17. etapa eta "ikusgarria" izango dela adierazi du Lejarretak. "Kirol mailan ihesaldiren bat" egongo dela uste duela ere gaineratu du. "Sailkapen nagusirako igoera gogorra da, ez da luzea eta ez da ezberdintasun handirik egongo liderren artean".