Faktoria
Bizirik mirariz
Ander Okamika: 'Gauzak gehiago baloratzen ikasten duzu'
Maiatzean, bizikletan entrenatzen ari zela, istripu larria izan zuen automobil baten kontra, aurrez aurre.
-
15:20 min
Joan den maiatzean, bere bizitza arriskuan jarri zuen istripu larria sufritu zuen Ander Okamikak. Berak 'Faktoria'n esan digunez, soinean zeraman kaskoagatik ez balitz, beharbada ez zukeen kontatuko. Hilda edo elbarri irteteko aukera gehiago zituela azpimarratu du, bizirik baino. Ia mirari bat. Istripua nola gertatu zen ere kontatu digu. Entrenatzen ari zen, Lekeitio eta Ondarroa arteko errepidean, mila aldiz egina duen ibilbidean. Bihurgune asko dituen errepidea da eta, hain zuzen ere, bihurgune horietako batean gazki sartu eta aurrez aurre zetorkion automobilaren aurka joan zen. Ez du hortik aurrera eta hurrengo hiru egunetako oroitzapen garbirik. Baina argi dauka errua berea izan zela. Txirrindulari eta automobilen arteko istripuetan, askotan, errua auto gidariarena izaten dela azpimarratzen da, baina Anderrek argi utzi nahi du, kasu honetan, errua berea izan zela, eta hori onartu beharra dagoela.
Bizitza normala egiteko gai izan da, istripuaren ostean, eta ez hori bakarrik: Espainiako distantzia luzeko triatloian txapeldunorde izatea lortu du. Lana, sakrifizioa eta borondate handiarekin lortu du berriro bere pasioa den kirolean markak haustea. Izan ere, istripu larriaren ostean, bizitza beste era batera ikusten du: "Gauzak gehiago baloratzen ikasten duzu", aitortu digu. Entzun hemen elkarrizketa osorik!