Faktoria
Aralarko Pistak
Premiaren eta kaltearen artean oreka topatu ezinda
Aralarko Parke Naturalean egiten ari diren pistak ezinbestekotzat dituzte artzain eta abeltzainek euren baldintzak hobetzeko. Talde ekologisten iritziz kalte handi eta atzeraezina dakarte pistek.
-
Aralarko pistei buruzko eztabaida
28:37 min
Guztira, proiektua dago Aralarren 3 pista nagusi egiteko. Lehenengoa 2016an egin zen, Intzensao eta Goroskintxu artean. Bigarrena, hasi berri dira egiten, Enirio eta Igaratza artean, Ataundik gora doan bideari, pista bidez, jarraipena emanez. Eta hirugarren pista baten asmoa ere badago, Arinate eta Igaratza artean, Tolosaldea eta Nafarroa lotuz. Hau noiz egingo den zehaztu gabe dago.
Uneotan egiten ari hasi diren Enirio eta Igaratza arteko pistak 2 kilometro eta 700 metroko luzera izango du, eta 3 metroko zabalera. Pista hori egitea uztailaren 30ean onartu zuen Enirio-Aralar mankomunitateak. Mankomunitate horri dagokio lanak agintzea, Gipuzkoako Aldundiak baimena emanda. Bilera horretan baiezkoak irabazi zuen, baina zatiketa erabatekoa izan zen.
Foru Aldundiak proiektuaren inguruko alegazio epea zabaldu zuenean, alde agertu ziren Aralarko Baserritarrak, ENBA, Goimen, Tolomendi, Idiazabal Jatorri izendapena, edota Artzain eskola bezalako erakundeak. Kontra berriz, talde ekologistak, Aranzadi zientzia elkartea, Gipuzkoako Mendi Federazioa, Fortuna kirol taldea, baita Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare Zuzendaritza ere.
Jaurlaritzak ez zuen egoki ikusten Foru Aldundiak pistak egiteko baimena ematea, aurrez erabilera eta kudeaketa plan orokorra egin gabe. Jaurlaritzaren iritziz plan orokor batek bildu beharko lituzke pista guztien proiektuak, eta pista bakoitzaren proiektua zatika egitea ez da egokia. Alegazio fasea gainditu, ordea, eta abuztuan Gipuzkoako Foru Aldundiak eman zuen lanak egiteko baimena.
Aralarko pisten gaia epaitegitara eraman dute Eguzki Talde Ekologistak eta Landarlan Natur Taldeak. Pistak egitearen aldeko erabakia hartu zuten arduradun politikoen kontrako salaketa da prebarikazioa leporatzen diena. Bestalde, ingurumen fiskaltzari eskatu diote lanak behin behinean eteteko.
Garikoitz Plazaola Eguzki talde ekologistako kideak 'Faktoria'n azaldu digunez, pista hauek egiteak 24 landare espezie eta basa giroko 60 animalia espezie jartzen ditu arriskuan eta gainera, pistek artzaintzaren biziraupena ez dute bermatuko. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Enirio Aralar Mankomunitateari leporatu diete legeari iruzur egitea, bidezidor bat egokitzen ari direla esanda pista berri bat ari direlako egiten. EH Bildu ere gogor kritikatu du Eguzkik, bestelakorik dioten arren, euren ekintzekin pistak egitea ahalbidetu dutelako.
Xabier Olano EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak ukatu egin du hori, pistak egiteko lanak geldiaraztearen alde hitz egin du, eta Aranzadi zientzia elkarteak egindako txostenak esandakoa jarraitzearen alde hitz egin du.
Josu Oiartzabal Aralarko Baserritarrak elkarteko presidenteak, bestalde, pistak aspalditik direla beharrezko defendatu du, eta ezinbestekoak direla Aralarko artzainen bizi baldintzak hobetzeko. Ukatu egin du gainera, ekologistek dioten bezalako kalte ekologikoa eragiten dutenik.