Itxi

Faktoria

Txema Auzmendi

'Kuban sentitu naiz mugatua. Eta esan dut: honaino'

Zortzi urte ozeanoz bestaldera eman ondoren Euskal Herrian da Txema Auzmendi. Kuban funtsezko aldaketarik ez dela izan esanez itzuli da. Hango herriaz eta hemen aurkitu duenaz mintzatu da, gertutik.

  • 31:30 min
imagen player
imagen player
imagen player

'Castrotarren itzal luzeak ez du benetako aldaketak egiten utzi Kuban'. Txema Auzmendik Kubatik bueltan ekarri duen ikuspegia da. Oraindik kontrola handia dela kontatu du 'Faktoria'n eta Venezuelak urtero La Habanari ematen zion laguntza amaituta, zailtasunak izugarrak direla. 'Gazteak ihes egiten ari dira egunero', gehitu du hamar dolarreko soldatarekin ezin bizi litekeela gehituta. Kubako herria blokeo amaierarekin amets egiten hasi zen aldi 'ilusizoz betekoak' ere gutxi iraun diela azaldu du, Donald Trumpek argi erakutsi dielako 'inperioa beti egongo dela ondokoa mendean hartzeko prest'. Eta, Auzmendiren irudiko, 'Kubako gobernuarentzat aitzakia primerakoa da blokeoa' kontrolari eusteko. 'Blokeoak herriari egiten dio kalte, ez Kubako gobernuko kideei', azpimarratu du.

Horiek denak pentsatzen dituelako ikusi du bere burua mugatua. 'Han sentitu naiz mugatua. Eta esan dut: honaino'. Euskal Herrian bueltan da, udatik. Durangoko Jesusen Lagundiko etxean bizi da eta eskuz esku ari da han etorkinekin lanean. Orain zortzi urte ikusten ez zen neurria duen errealitatearekin egin du topo. Dio, Europak bezala,  Euskal Herriak ere, asmatu egin beharko duela nola eskua ireki gu ito gabe'. Hala ere, ez du hemen ikusi kanpotarren kontrako joera orokorturik. 'Gu ez gara gizaki bereziak baina gure historiak duen pisuagatik, zabaltasun bat somatzen dut', iritzi dio.

Elkarbizitzan etorkinekin bakarrik ez, bertako herritarrekin ere ari da, 'ESPERE' izeneko dinamikan. Barkamen bidean eta berradiskiditzean aurrera egiteko Kolonbian sortutako metodologiarekin ari da hainbat talde dinamizatzen, mota guztietako zauriak dituzten pertsonekin. Berak, Egunkaria auzian izandako bide luzeak utzi zion zaurietatik ere badu bide horretan zer emana. Bere torturatzaileak gogora ekarrita, 'barkatu ditut guztiak', esan digu, eta gogoratu, 'barkamena guri dagokigula  eta ez dagoela kaltea eragin duen horretatik zintzilik'. 'Beste gauza bat da aitortza, amaitu du.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz