Faktoria
Iñigo Jaka
'Familiaren hilarrian badago osabaren izena. Gorpua bertan nahi dugu orain'
Antonio Arrizabalaga 'Amuategi' Bataloiko milizianoaren gorpuzkinak Erorien Haranetik ateratzeko baimena espero du haren ilobak, Iñigo Jakak.
-
Iñigo Jaka. Argazkia: Euskadi Irratia
15:08 min
Francisco Franco diktadorearen gorpuzkia Erorien Haranetik noiz aterako duten eta lur emango dioten eztabaidatzen ari diren honetan, Antonio Arrizabalaga Ugarteren kasuaz aritu gara 'Faktoria'n. Zumarragako semea zen, Gazteria Sozialistetako Amuategi Batailoiko milizianoa izan zen eta Santanderren harrapatu zuten frankistek 1937an. Zaragozara eraman zuten, zigor batailoi batera, eta urte hartako azaroaren 17an hil zen bertan. 26 urte zituen. Zaragozako Torreroko hilerrian eman zioten lur.
1961ko otsailaren 28an, baina, bere gorpuzkia Erorien Haranera eraman zuten, familiari ezer esan gabe. Familiak berrogeita bost urtez ez zuen jakin Antonio Arrizabalaga Erorien Haranean zegoela. Datu historikoetan nahasmendua zegoela jabetu, ikertzen hasi eta harrigarriki, osabaren gorpuzkinak non dauden zehaztasunez jasotzen duen dokumentua eman zieten, argazkian Iñigo Jaka iloba erakusten ari den bera. Harrez gero familiak bi bider eskatu dio 'Patrimonio Nacional' erakundeari, Erorien Haranaren azken arduradunari, Antonio Arrizabalagaren gorpuzkia bihurtzeko, baina ez du erantzun positiborik jaso.
Orain hilabete, urriaren 16an, Zumarragako udalak, talde guztien babesaz, Espainiako Gobernuari eskatu zion Antonio Arrizabalagaren gorpuzkia familiari emateko. Eusko Alderdi Jeltzaleak mozioa aurkeztu du Senatuan, ildo beretik. Eta familiak aurki espero ditu urratsak. 'Ministerioak baimena ematen badigu', esan du ilobak, 'Patrimonio Nacionalaren gain geratuko da ardura. Eta hor hasiko da beste prozesu bat; prozesu teknikoa'. Familiak uste du prozesu luzea izango dela, besteak beste, erakunde horretakoak 'frankistak direlako'. Hala ere, isilean urte askoz egin dutela lana azalarazi 'eta indar pixka bat egiten hasteko garaia dela', iritzi dio Jakak: 'Familiak behar du osabaren gorpuzkinak hona ekarri. Panteoiko hilarrian haren izena jartzea erabaki zuen gure amak. Han badago bere izena. Gorpua ekarri behar dugu orain'.