Itxi

Faktoria

Ostegunean

Merkataritza txikiaren egoeraz eta etorkizunaz, 'Faktoria'n

Bestalde, eztabaida txapelketa izango dugu magazinean, eta 'Baztan' trilogiaren 2. zatiaren filmazioan izango gara Elizondon.

  • Black Fridayren kontra agertutako denda bat

Black Friday pasa berritan, erosteko ohituren aldaketak denda txikietan izaten ari den eraginaz mintzatuko gara ostegun honetako 'Faktoria'n. Internet bidezko salmentei gehitu behar zaie, gainera, saltoki handien parean lehiatzeko duten zailtasuna. Egoera zaila eta etorkizun kezkagarriaren aurrean jarriak ditu horrek. Gaiaz mintzatzera gonbidatu ditu saioak Miren Garrastazu Durangoko ‘Dendak bai’ elkarteko ordezkaria eta Mauri Rojo, Hernaniko ‘Berriak’ekoa. Arantza Leturiondo Eusko Jaurlaritzako Lurralde antolamendurako sailburuordeak azalduko digu merkataritza guneen antolaketa nola dagoen arautua eta zein den gaur eguneko jokalekua.

09:30etik aurrera izango da hori. Aurrez, solasaldiaren garaian, Joseba Arruti, Nerea Azurmendi eta Martxelo Otamendi arituko dira aktualitatean analisia egiten, besteak beste, lehen arretako medikuek eskaintzen duten arretaz eta profesional horiek egiten ari diren aldarrikapenez.  Ostegunero bezala, Aingeru Epaltzarena izango da goizeko albistegiaren aurreko iritzi-tartea.

10:00etako albisteen ostean ekingo dio Manu Etxezortuk magazinari. Hasteko, aktualitateari begira jarriko zaizkigu Mikel Garcia eta Jurdan Arretxe kolaboratzaileak. Gero, Euskaraldiko istorioei egingo diegu tartea Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria.

11:30ean, Mireia Roca arkitektoa bilboko Arte ederren museoaz ariko zaigu, eta, jarraian, Movember mugimenduari egingo diogu tartea.

12:15ean, eztabaida txapelketa izango dugu. Horretarako, unibertsitate arteko “eztabaida ligako” irabazleak elkartu, eta lehian ipiniko ditugu. Andrea Aranburu, Andrea Vitoria, Nagore Arin eta Mikel Orbañanos izango dira eztabaidarako parte-hartzaileak. Epaimahaia ere izango da.

12:30ean, Baztan trilogiaren 2. zatiaren filmazioa hasita dago eta horren harira Elizondora joango da unitate mugikorra. Pelikularen filmatzea dela-eta, hainbat elizondotarrek filmari buruz dituzten iritziak eta sentsazioak ezagutuko ditugu.

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.