Faktoria
Euskal Herriko Basoak
Basoak birpentsatuz
Pinuen gaitzak baso eredua auzitan jarri du. Tratamendurik aplikatuko den eta eraginkorra izango ote den auzitan dagola, basoen kudeaketan inflexio puntua eragingo duela argi ikusten dute askok.
-
Gaixorik dauden pinu batzuk. Argazkia: Patxi Lopez Muñoz
23:52 min
Euskal Autonomia Erkidegoan dauden pinudien % 33ri erasaten dio pinuen gaitzak. Foru aldundiek eskatua dute baimena Espainiako Ingurumen ministerioan kobre oxidoarekin hegazkinez pinudiak fumigatzeko. Baimenik ez da, ordea, oraindik iritsi. Jakoba Errekondo paisajistak eta botanikan adituak 'Faktoria'n esan digunez, iragan ostiralean izan zuten aldundietako teknikariek bilera ministerioan, eta ez dirudi baimena lortzea erraza izango denik. Errekondoren ustez, tratamendua eraginkorra ez izateaz gain oso kaltegarria izango da ingurumenerako.
Aitor Onaindia Basoa Fundazioko kideak esan digunez hainbat herrialdetan, Zeelanda Berrian eta Txilen esaterako, eraginkorra izan da tratamendu mota hau, eta ikusteko dago honako balioko duen. Onaindiren esanetan, baso jabe asko daude tratamenduak emaitzaren bat emango duen zain.
Bestalde, Onaindiak azpimarratu du gero eta gehiago direla zaindu gabe bertan behera utzitako basoak, eta horren ondorioak arriskutsuak direla adierazi du.
Jakoba Errekondoren iritziz, urte askotan gaizki egindakoaren ondorio da egungo egoera, eta unea da basoen kudeaketa birplanteatzeko.