Faktoria
Ostiralean
'Diario de Mallorca'ko Kiko Mestre eta Ana Berrizbeitia teologoa, 'Faktoria'n
Telefono pertsonala bahitu diote epailearen aginduz kazetariari, eta harekin izandako solasaldia eta kazetari elkargoen erreakzioak bilduko ditugu. Teologo laikoari, berriz, hurbileko elkarrizketa.
-
Kiko Mestre. Argazkia: Diario De Mallorca
Diario de Mallorca egunkariko kazetaria da Kiko Mestre eta, Miquel Fort epailearen aginduz, bere telefono pertsonala atzeman diote aste honetan, Cursach izeneko ustelkeria kasuari buruz izandako filtrazioekin lotuta. Europa Press berri agentziako kazetari bati ere agindu beraren pean bahitu diote gailua. Kasu horrek kazetari elkargoen haserre bizia eragiten du, sekretu profesionalaren kontrako eraso zuzena delakoan. Mestre kazetariarekin berarekin izandako hizketaldia eskainiko dugu ostiral honetako 'Faktoria'n eta bilduko ditu, baita ere, kazetari elkargoen erreakzioak. Solasaldiaren tartean izango da hori, 08:30etik aurrera.
09:30ean, berriz, emakumezko teologo bat izango dugu gonbidatu: Ana Berrizbeitia, teologo laikoa da, atxondoarra, eta bere jaioterrian meza ematen du igandero. Bizkaiko Elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutukoa irakaslea ere bada eta elizaren baitan emakumeek duten paperaz edota sexu abusuekin izandako jarrerari buruz galdetuko dio, besteak beste, Maite Artolak.
10:00etako albisteen ostean ekingo diogu magazinari. Hasteko, Idoia Torregarairen umore printza izango dugu, eta, ondoren, Juanjo Sanmiguel lankidea Txinaren eta AEBren arteko gerra komertzialaz ariko zaigu. 11:15ean, adimen espiritualari buruz hitz egingo dugu. Hain zuzen ere, adimen espiritualari buruzko tesia burutu baitu Deustuko Unibertsitatean irakasle eta psikologoa den Txemi Santamariak. Berak gure barneko muin intimoenarekin konkektatzeko gakoak emango dizkigu. Jarraian, Filosofiaren historia gaurkotua eskainiko digu Markos Zapiainek.
12:00etan, 'Amarauna' saioak asteburuan ekarriko digunaren errepasoa egingo digu Gari Udabe lankideak, eta bizitzaren musikaz ariko zaigu Joseina Etxeberria.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.