Itxi

Faktoria

Urriaren 17an

Astelehenean, 'Faktoria', Oñatin

Kirola integraziorako tresna gisa nola erabiltzen ari diren ikusiko dugu. Magazinean, gainera, 'Gutuber' webseriez eta Kresala Dantza taldearen 50. urteurrenaz ariko gara.

Kirola integraziorako tresna izan ohi da eta, Oñatin, hala izaten ari da. Urria bukaeran ireki zituen ateak herrian, asilo-eskatzaileentzat egoitza berriak. Eusko Jaurlaritzak eta CEAR errefuxatuei harrera egiteko erakundeak kudeatzen dute eta 100 lagunentzat tokia du. Harrera-plaza guztiak bete gabe daude oraindik. Jatorri desberdinetik etorritako egoiliarrak ditu eta badute, batzen dituen zaletasun bat: futbola. Ekimen horretako arduradunekin, CEAReko ordezkariekin eta Mikel Biain alkatearekin hitz egingo dugu 'Faktoria' saioan, bertatik bertara. 09:30etik aurrera hartuko dute hitza gure unitate ibiltarira gerturatutako gonbidatuek.

Aurrez, aktualitateari buruzko solasaldian izango dira Iñaki Galdos, Gaizka Aranguren eta Javier Diaz-Noci. Eguneko sinadura Mixel Berekohirigoinek jarriko du  08:00etako albistegiaren aurretik.

10:00etan hartuko du lekukoa Manu Etxezortuk magazina martxan jartzeko. Kirol tertuliarekin hasiko da saioa, Ane Urkirik eta Andoni rbistondok asteburuak utzitakoa errepasatuko baitute. Gainera, Gurutze Gorriaren jostailu bilketan izango gara.

11:30etan Gutuber webseriea aurkeztuko digute Olatz Beobide, Axen Egaña eta Nerea Arriolak. 12:15ean, berriz, Kresala Dantza taldearen 50. urteurrena ospatuko dugu Faustino Arantzabal Kresalako arduradunarekin.

Gogoratu! 07:00etatik 13:00etara izango dugu martxan 'Faktoria'.