Faktoria
Senatariak Faktorian
'2019 urtea gaiztoa, aldrebes eta ezegonkorra izango da, Senatuan'
EAJko Jokin Bildarratz, EH Bilduko Jon Iñarritu eta Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategi senatariak izan ditugu gurean.
-
Jon Iñarritu, Jokin Bildarratz eta Miren Gorroxategi
28:26 min
Urte 'nekeza eta ezegonkorra' hasi da hasi berri duguna, Senatuan dauden euskal ordezkarien iritziz.
Eguberrietako oporren ondoren eta urte politikoa berrekitear denean, 'Faktoria'ra gonbidatu ditugu Madrilen diren 3 euskal senatari. Jokin Bildarratz jeltzalea, EHBilduko Jon Iñarritu eta Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podesmoeko ordezkaria. Hauteskunde aurrerapenaren mamua bolo-bolo dabilela onartu dute hirurek. Bildarratzen iritziz, Andaluzian abian diren gobernu-osaketarako negoziazioei begira daude Madrilen ere baina, senatari jeltzalearen iritziz, 'ez dirudi udaberrian hauteskunderik izango denik'. 'Alderdi sozialistak une ona dela pentsatzen duenean izango dira hauteskundeak' Jon Iñarrituren hitzetan eta Miren Gorrotxategik erantsi du, zer gertatuko den jakitea zaila dela, 'protagonistek beraiek ondoegi ez dakitelako'.
KONSTITUZIO ERREFORMA
Pedro Sanchezen alderdi sozialistak behin eta berriz defendatu izan du Espainiako konstituzioaren erreforma baina, ez da hori egiteko une egokia, hiru euskal ordezkarien hitzetan. "Ez dago gutxieneko baldintzarik, gaur egun Gernikako Estatutua ez litzake aterako, dagoen giroarengatik' esan du Bildarratzek. Iñarrituren arabera, ' orain erreforma balego, txarrerako izango litzake'. Ideia horrekin bat egin du Miren Gorrotxategik, 'ez dirudi horrelako aldaketa bat bideratzeko une ona denik' baina aldi berean gogoratu du, 'konstituzio aldaketak ez direla inoiz garai lasaietan egiten'.