Itxi

Faktoria

Adolfo Araiz

'Ezin zaio erregimenari gehiengoa oparitu'

Nafarroako gobernua babesten duten lau alderdiek izan dituen diferentzien gainetik, azken urteetako balantzea positiboa da eta hurrengo legegintzaldian formula errepikatzea helburu politiko dela dio.

  • 17:47 min
imagen player
imagen player
imagen player

Adolfo Araiz EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan duenez, azken aldian izan diren desadostasunek ezin diote itzalik egin aldaketaren gobernuak izan dituen ondorio positiboei. Egindako lana ezin dela leihotik bota adierazi du.

Aitortu du, hala ere, azken asteetan agerian ari direla geratzen diferentziak. Rozalejo jauregia hustearen inguruan Geroa Baik eta EH Bilduk ikuspegi desberdinak zituztela abuztuan agerian geratu zela esan du Araizek, eta harrez gero ez direla adostasunik lortzeko gai izan. Segurtasuna aitzakia dela uste du, eta susmoa du Nafarroako Gobernuko ondare sailak izan zezakeela Maravillas gaztetxea zegoen egoitza husteko interesa. Foruzaingoak izan duen jokabidea kezkagarria iruditu zaio, bestalde, eta Gobernuak azalpenak ematea ezinbestekoa dela esan du. Mari Jose Beaumont barne sailburua euren proposamenez izendatu bazen ere, argitu du independentea dela eta ez duela EH Bilduren diziplina jarraitu beharrik.

Bere alderdiko kritikoek talde parlamentariotik bota ondoren Ainhoa Aznarezek Nafarroako Parlamentuko presidentetza galduz gero, Araizek dio eledunen batzordearen kontrol politikoa galduko duela laukoak, eta galera handia litzatekeela, legealdian asko geratzen delako egiteko.

Iruñeko aurrekontuak onartu ez izana, bestalde, "Aranzadiren hankasartze politiko itzela" izan dela dio. Aldaketa babestu duten alderdiek azken urteetan lortutako a ezin dela leihotik bota. Esperientziarekin eta arduraz jokatuta, laukoa errepikatzea helburu politikoa dela, eta lortzen ez bada, alternatiba eskuina dela gogorarazi du.

Bakartxo Ruiz izango da hurrengo hauteskundeetan EH Bilduren hautagaia, Araizen esanetan, inkesten arabera hautagairik baloratuena. Bera zerrendan bigarrena izango da, eta talde parlamentarioan lanean segiko duela berretsi du.