Faktoria
Ostegunean
Klima aldaketaren aurkako mundu mailako protestak Euskal Herrian, 'Faktoria'n
Euskal Herriko ikasleen iritzi eta testigantzak jasoko ditugu. Lauaxeta ikastolako batxillergo lehen mailako 5 ikasle elkartuko ditugu. Magazinean, arkitekturari lotutako eguna izango dugu.
-
Ikasleak protestan, Bruselan. Argazkia: Euskadi Irratia
Ostegun honetan, Bruselan, 7. manifestaldi jendetsua egitekoa dute, klima aldaketaren aurkako neurri zorrotzagoak eskatzen ari diren ikasleek. Mundu mailako 270 herri eta hiritara zabaldu dira protestak eta 70.000 lagun mobilizatzea lortu dute orain arte. Astero ari dira protestak egiten, jendetsuenak Belgikan, baina mugimenduaren ernamuina Suedian dago, Greta Thunberg ikasleak abiatu zuen protestan. Bruselan izango da 16 urteko ikaslea bihar, ikasleen protestak sustatzeko. Euskal Herriko ikasleen iritzi eta testigantzak jasoko ditugu Faktorian. Lauaxeta ikastolako batxilergoko lehen mailako 5 ikasle elkartuko ditugu.
Nerea Azurmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Riezu kazetarien solasaldian, beste lagun bat izango dugu: Joxi Basterretxea, EHUko kazetaritza irakaslea. Hitzek duten "karga" edo "bigarren esanahi eta erabilerari" buruzko azalpenak eskatuko ditugu.
Bestalde, Vatikanoan pederastia kasuei buruz hasiko den goi bilera bereziaren atarian, Jon Korta gonbidatu dugu. Karmeldarra da Korta, Vatikanoan aditua eta bizitza sakraturako Gipuzkoako bikarioa.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Arkitekturari lotutako eguna izango dugu. Hasteko, Trolebusentzat eraikitako Euskal Herriko autobus gordeleku bakarra eraisteko arriskuan dago. TSST konpainiaren Lasarteko gordelekua da. Gaia landuko dugu Lasarteko Udalarekin, Jabi Puertas Industri Ondare eta Herrilaneko Euskal Elkarteko presidentearekin eta Mikel Ruiz de Illarra arkitektoarekin. Bestalde, Mireia Rocarekin Biarritzeko Hotel Du Palais hotelaren eraikina aztertuko dugu, eta 12 metro koadroko etxeetan bizi ote gaitezkeen ere galdetuko diogu Harri Barandiaran arkitektoari. Japonian neurri horretako etxeak ari dira egiten.
Gainera, mugikortasun jasangarriari buruz Bilbon egiten ari diren SUM batzarra dela eta, hainbat hiritako adibideak jasoko ditugu, Kalapiekoekin ere hitz egingo dugu eta Bilboko herritarrekin ere bai. Azkenik, euskal kostaldeko beste flyschak aztertzeko tartea ere hartuko dugu Asier Hilariorekin.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan Faktoria.