Faktoria
ELKARRIZKETA
'Guk borondatea adierazi genuen; patronalen jarrera guztiz itxia izan zen'
Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza ordezkariak 'Faktoria' saioan adierazi du etsigarria izan dela Kristau Eskola patronalak egindako proposamena, gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako auzian.
-
Miren Zubizarreta ELAko ordezkaria.
6:38 min
Akordiorik gabe jarraitzen du gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako gatazkak. ELA, Steilas, Comisiones Obreras, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariak etsita atera dira Kristau Eskola patronalarekin egindako bileratik. Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arloko ordezkariak 'Faktoria' saioan azaldu duenez, aurrerapausorik ez da egon patronalak mahai gainean jarritako proposamenean: "Sindikatu guztiok onartezintzat ematen ditugun elementuak daude: esaterako, eros ahalmena berreskuratzeko egiten duten planteamendua oso eskasa da, 2017., 2018. eta 2019. urteetan berreskuratuko litzatekeena".
Proposamena etsigarritzat jotzeaz gain, patronalaren jarrera "itxia" kritikatu du Zubizarretak: "Guk behin eta berriro adierazi genuen borondatea genuela eta nahi genuela edukietan sakontzea eta adostasuna erdiestea, baina patronalen jarrera guztiz itxia izan zen; beraz zaila ikusten dugu. Patronalek beste behin ere ez digute utziko beste biderik, seguru aski, mobilizazioekin aurrera egitea baino".
Zubizarretak ez dio aterik itxi gatazkan bitartekaritza izateko aukerari. "Guk nahi duguna da gatazkari irtenbidea egoki bat ematea. Uste dugu hona iritsi bagara Hezkuntza Sailak eta patronalek urte luze hauetan aplikatu eta mantendu dituzten erabakien ondorio izan dela. Hezkuntza Sailak eta patronalek ardura daukate eta aukera daukate langileen eskaerei erantzuteko".