Faktoria
ELKARRIZKETA
'Euskaltegietan beti gaude erabaki politikoen menpe'
Korrikaren atarian, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrikaren antolatzaileak 'klika' egiteko deia egin diete herritarrei, eta bereziki eragileen konpromisoa eskatu dute.
-
Asier Amondo eta Mertxe Mugika.
18:38 min
Astebete barru, apirilaren 4an, abiatuko da Garesen 21. Korrika, 'Klika' leloarekin. AEK-k eta Korrikaren antolatzaileek dena prest dute Gasteizen amaituko den bideari hasiera emateko. Hala azaldu dute 'Faktoria' saioan Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrikaren antolatzaileak. Biek nabarmendu dutenez, garrantzitsua da norbanakoek euskararen aldeko konpromisoa hartzea, baina norbanakoek ez ezik, bestelako eragile guztiek ere egin behar dute. "Euskararen normalizazioa modu transbertsalean landu behar da", esan du Mugikak.
Dagoeneko 30 gizarte eragilek konpromisoa hartu dute euskararen normalizazioa azkartzeko, eta egitasmoarekin eragile gehiagok bat egitea espero du Amondok: "Bilatu nahi dugu ahalik eta gizarte eragile gehien atxikitzea klika horri. Zerbait egingarria izan dadila, praktikoa, eta batez ere baliagarria erakunde horientzako haien eguneroko lanean".
Ibilbideari dagokionez, Iruñea izango da Korrika iritsiko den Euskal Herriko lehenengo hiriburua. Bilbon "esperimentua" egin nahi izan dute, Amondoren arabera: "Hiriburuekin beldurra zegoen; bazirudien funtzionatzeko izan behar zuela asteburuan edo arratsaldean. Eta esan genuen 'goazen probatzera'". Horregatik, Bilbotik eguerdian pasatuko da Korrika, apirilaren 11n. Azken urteetan igaro gabeko herrietatik ere igaroko da aurtengoa; Bastidatik eta Dimatik, esaterako.
21. Korrikak Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' omenduko du, bere garaian bultzatu zuen jarrera aldaketagatik eta Euskara Batuaren sorreran izan zuen funtsezko paperagatik. "Euskara ikasteko izan zuen grina" goraipatu du Mugikak, euskaraz bizitzeko izandako konpromisoa: "Bera izan zen arlo askotan klika egin zuen pertsona eredugarria".
Euskaltegiei erreparatuta, Mugikak dio helduen alfabetatzearena "normalizatu gabeko sektorea" dela egun Euskal Herrian. "Beti gaude erabaki politikoen menpe, zer gertatuko den diru laguntzen banaketarekin. Arlo estrategiko bat gara euskararen normalizazioaren bidean, baina hori baliabideekin hornitu behar da, prestigioa eman".