Itxi

Faktoria

Mikel Ormazabal

‘Kristau Eskolen kontra joateko interes ideologikoa dago grebaren atzean?’

Kristau Eskolen zuzendari nagusiak argitu du Lan Sailarekin batzartu zirela eta esan ziela bitartekaritza baterako baldintzarik ez zegoela. Egin duten eskaintza baino hoberik ezin dutela egin esan du.

  • Mikel Ormazabal

    Mikel Ormazabal, Kristau Eskolen zuzendari nagusia.

    15:58 min
imagen player
imagen player
imagen player

Mikel Ormazabal Kristau Eskolen zuzendari nagusiak Euskadi Irratiko faktorian esan du, sindikatuen jarrerak daudenean egonda, saihesten zaila izango dela datorren asterako gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetarako deitua dagoen greba.

Patronalak negoziazioan egin duen eskaintza egin dezakeen onena dela esan du, eta eskainitakoa betetzeko ere eskola batzuk arazoak izango lituzketela aitortu du. Sindikatuen eskariak, berriz, errealitatetik kanpo daudela salatu du.

Ez du baztertzen, gainera, grebaren atzean bestelako interesak egotea. ELA eta LAB sindikatuei galdetu die ea Kristau Eskolak kaltetzeko interesen bat ote dagoen, interes ideologikoren bat. Gogoratu du ikastoletan LABek onartu berri duela lan hitzarmena, eurak eskainitakoa baino baldintza okerragoak biltzen dituena.

Eusko Jaurlaritzarekin ere kritiko hitz egin du Ormazabalek, aspertuta dagoela esan du, diskrezioa eskatu eta gero euren jokabidea zalantzan jartzen duten adierazpenak ikusita. Argitu du Lan Sailarekin batzarra egin zutela, bitartekaritzaren aukera aztertzeko, eta han esan zietela ez dagoela baldintza egokirik aukera horri jotzeko. Horregatik ez du onargarritzat jo bilera horren biharamunean Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak esan izana bitartekaritzari muzin egiten diotela aldeek. Aitortu du bitartekaritzari badiotela beldurra, hark baldintzak hobetzea aginduz gero ezingo luketelako halakorik bete, eta horregatik eskatu du Hezkuntza sailaren inplikazioa, bitartekariak agindutakoa betetzeko baliabideak izatea bermatzeko

Kezkatuta dago, bestalde, Ormazabal, lan gatazka honek eragin zuzena izan duelako matrikulazioan. Oraindik datu bateraturik ez duten arren, beherako joera nabaritu dute, eta esan du batez ere batxilergoan jaitsi daitekeela matrikula kopurua euren eskoletan.