Itxi

Faktoria

Pili Zabala

'Politikarien atzoko jokaera desegokiak biktimen oinazea areagotu zuen'

Pili Zabala Elkarrekin-Podemoseko legebiltzarkideak 'Faktoria' saioan esan du "mina eta ezintasuna" sentitu zituela atzo Eusko Legebiltzarrean sortutako tirabira bizita.

  • Pili Zabala Elkarrekin-Podemoseko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean

    Pili Zabala Elkarrekin-Podemoseko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean

    9:59 min
imagen player
imagen player
imagen player

Liskarra eta tentsioa izan ziren atzo Eusko Legebiltzarrean, Poliziaren Indarkeriaren Biktimak Aitortzeko Legearen eztabaidan. Biktimekiko elkartasuna adierazi du Pili Zabala Elkarrekin-Podemoseko legebiltzarkideak, 'Faktoria' saioan: "Politikarien atzoko jokaera desegokiak biktimen oinazea areagotu zuen; hori lotsagarria da". Zabalaren arabera, atzokoak adierazten du herri honetan "oraindik zenbat min, zenbat zauri" dauden irekita. "Larriena da publikoki biktimen aurrean legebiltzarkideen artean agertu genuen jarrera".

Zabalak argi du hitz egin behar dela; izan poliziekin, izan guardia zibilekin... "Ez bagara gai begietara begiratzeko eta entzuteko zerk egiten digun mina, eta nola zaindu dezakegun min hori, ez dugu inoiz edukiko Euskal Herri osasuntsu bat, ezta bizikidetza demokratiko bat ere".

Poliziaren Indarkeriaren Biktimak Aitortzeko Legearen bozketan, abstentziora jo zuen Elkarrekin-Podemosek. Azalpenak eman ditu Zabalak: "Nik nahiago dut lege bat legerik ez edukitzea baino; jakinda mugatua dela eta jarraitu behar dugula lanean, biktima guztiek modu berberean tratatuak izateko". Zabalaren ustez, biktima guztiek behar dituzte egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea.

Zabalak, dena den, uste du trataerak "ez daukala zerikusirik" delitugileak estatuaren izenean jardun duenean: "Estatu terrorismoagatik nor dago kartzelan?".