Faktoria
Tailen morrontza
'Elikadura arazoek ez dute zerikusirik muturreko argaltasunarekin'
Victoria Secretek bere aurtengo desfilean 1'75 neurtu eta 55 kilo pisatzen duen modeloa, taila handien modelo bezala aurkeztu du. Zer nolako eragina dute horrelako berriek gure gizartearengan?
-
Barbara Palvin hungariarra, Victoria Secret etxeko taila handien modelo berria
31:35 min
Victoria Secret enpresak urtero antolatzen duen desfileak sekulako ikusmina eragiten du, eta badirudi, gainera, ikusmina handiagoa izan litekeela. Aurtengo modeloetako bat Barbara Palvin hungariarra izango da. Palvinek 25 urte ditu, 1’75 metro neurtu eta 55 kilo pisatzen ditu, eta taila handien modelo bezala aurkeztu dute.
Janire Azkueta bizkaitarrak nazioarten taila handien modelo bezala lan egiten du, berak azaldu digu zein tailatik aurrera erabakitzen den modelo bat taila handien kategorian sartzea, gainera, eurek ere bizi duten presioari buruz eta aurreiritziei buruz mintzatu da.
Janirek argi esan digu, euren kasuan aintzat hartzen dena neurriak direla, ez taila. Baina horrek ere beste galdera sortu digu, tailak nola ezartzen dira? Amaia Albes moda diseinatzaileak erantzun dio galdera horri. Janirek azaldu digu, herri bakoitzak, bere irizpide propioak jarraituta ezartzen dituela, horregatik dagoela aldea herri batean edo bestean ekoitziz gero arropa. Hala ere, tailen egoera honek ondorio larriak eragin ditzake. Estatu mailan egindako ikerketa baten arabera, herritarren %70ak ondoeza sentitzen du bere taila dendan topatzen ez duenean. Are larriagoa da pisua jaisteko desira obsesio bilakatzen denean. Guk erabili nahi dugun taila horretan sartzeko obsesioak askotan dieta zorrotzak egitera eramaten gaitu, eta askotan dieta horiek norberak ezartzen ditu, inolako kontrolik gabe.
Horrelako egoerak egunero lantzen dituzte ACABE elkartean, Elikadura Jokaera Nahasteen gaixotasunak lantzen dituen elkarte honek 25 urte bete ditu aurten. Mari Jose Arruti bertako psikologoa da, bere hitzetan argi izan behar dugu elikadurarekin zerikusia duten gaixotasunak buruko gaitzak direla, eta horregatik, "gaixoak ezin ditugu jokaeraz aldatzera beharut, eurek hartu behar dute erabakia, bestela konponbidea oso zaila delako". Gainera zehaztu digu, gaixoen adina igotzen ari dela, bataz beste, 25-26 urterekin hasten direla.
Bestalde, azaldu digu, gaixotasuna aldatzen joan dela, "lehen anorexia eta bulimia aipatzen ziren, baina gaur egun gutxienak dira. Gaixotasuna aldatuz joan da, orain anorexia gutxienekoa izaten da, elikadura arazoek ez dute zerikusirik muturreko argaltasunarekin".