Faktoria
IPAR IRLANDA
'Alderdien inkomunikazioak kezka gehiago eragiten du hilketa honek baino'
Lyra McKee kazetari gaztearen hilketaren osteaz aritu da 'Faktoria'-n Ihintz Oliden berriemailea. Olidenek ez du uste bakea zalantzan dagoenik; hala ere, orbainak "oso sakonak" direla dio.
-
Atentatua Londonderryn, Ipar Irlandan.
10:57 min
Lyra McKee kazetari gaztearen hilketa "oso larria" izan da eta shocka eragin du Ipar Irlandan, Ihintz Oliden Ipar Irlandako Euskadi Irratiaren berriemaileak 'Faktoria' saioan azaldu duenez. Dena den, Olidenek ez du uste bakea zalantzan dagoenik, gehiengoak ez duelako "duela 22 urteko garaietara" bueltatu nahi.
Azken bi urteetan ez dute gobernurik Ipar Irlandan, unionisten eta errepublikarren desadostasunak tarteko: "Alderdi politikoen arteko inkomunikazioak kezka gehiago eragiten du hilketa honek baino, nahiz eta hau oso larria izan den".
Olidenen arabera, "etsipen giroa" arnasten da Ipar Irlandan, eta oraindik "trauma handiak" daude: "Borroka politikoa bukatu bada ere, orbainak oso sakonak dira, bereziki auzo txiroetan". Besteak beste, langabezia eta suizidio tasa altuak dituzte. "Gazteengan etorkizun falta ikusten da, eta horrek kezka sortzen du".