Faktoria
Apirilak 25ean
Laneko estresagatik hiltzeaz, ostegunean, 'Faktoria'n
Japoniako 'Karoshi' fenomenoa hona zabaltzeko arriskua ote dagoen aztertuko dugu Arantxi Eizagirre coach-arekin. Hauteskunde elkarrizketen tartean, Podemoseko Miren Gorrotxategi izango dugu.
-
Estresa irudikatzen duen argazkia
Laneko estresagatik hiltzeari Karoshi fenomenoa deitzen zaio Japonian eta fenomeno hori zabaltzeko arriskua ikusten ote den landuko dugu osteguneko Faktoria' magazinean Arantxi Eizagirre coach-arekin. Gainera, Zaldi Urdina izeneko arte eskola berezia ezagutuko dugu. Donostiako espazio sortzaile honetara egindako bisitan, eskolaren sortzailea, bertan pintura eta idazketa tailerrak ematen dituztenak eta parte hartzen duten neska mutikoak ezagutuko ditugu.
Bestalde, Jurgi Arejitak sukaldaritza beganoa aztertuko du eta albondiga beganoak egiten erakutsiko digu, eta akats ortografikoei ere arreta jarriko diegu. Esperimentu bat egin dugu kalean: akatsez idatzitako testu bat erakutsi diegu gazteei eta akatsak antzematen ote dituzten jakin nahi izan dugu.
Hori guztia , 10:00etatik 13:00etara, magazinean. Albistegia, ordea, 07:00etan hasiko da. 08:30ean, hauteskunde kanpainaren baitan, Miren Gorrotxategi, Kongresurako Podemosen Bizkaiko hautagaia, elkarrizketatuko dugu. Solasaldian, bestalde, Martxelo Otamendi, Xabier Riezu eta Nerea Azurmendi ariko dira aktualitatea aztertzen.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.