Itxi

Faktoria

Ekainak 25

Absentismoaz, astearteko 'Faktoria'n

Beatriz Plaza EHUko irakaslearekin eta Maria Jose Aranguren Orkestra Institutuko zuzendariarekin aztertuko dugu gaia. Bestalde, haurren depresioari aurre egiteko 'Pozik bizi' programaz ariko gara.

  • Langileak

    Langileak

Langileen absentismoari eta arazo horrek euskal enpresetan duen eraginari buruz arituko da astearteko 'Faktoria'n. Orain aste batzuk zabaldu zen txosten batek azpimarratu zuen marka jarri duela absentismoak eta Hego Euskal Herriak dituela estatuko tasarik handienak: % 7,9koa Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 6,9koa, Nafarroan. Adecco azpikontratazio eta enpleguan diharduen multinazionalak plazaratu zuen txostena, INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuak aztertu ondoren. Datu deigarri horiek benetakotik zer duten, zein sektoreri eragiten dien gehien, inguruko herrialdeetan zer gertatzen den eta enpresa eredu berriek arlo horretan alderik erakusten ote duten aztertuko du Maite Artolak, Beatriz Plaza Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko irakaslearekin eta Maria Jose Aranguren Orkestra Institutuko zuzendariarekin.

Goizeko 09:30etatik aurrera izango da hori. Aurrez, solasaldiaren garaian, Jesus Prieto-Mendaza, Javier Arrieta eta Iñigo Aduriz arituko dira aktualitateak ekartzen duenaren analisian. Eguneko zutabea Garbiñe Ubedak sinatuko du goizeko 08:00etako albistegiaren aurretik.

10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, haurren depresioari aurre egiteko ‘Pozik bizi’ programa diseinatu dute, eta Joana Jauregizar EHUko irakaslea etorriko zaigu programa hori aurkeztera. Bestalde, zezenketetara ez joateko deia egin du Lizarrako La Bota peñak eta galdera zabalduko dugu Iruñeko beste peña batzuetara ere: peñen artean zabaltzen ari al da zezenketetara ez joateko jarrera? Azkenik, Euskaltzaindiak izen neutroak onartu dituela eta izen bera duten neska eta mutilak izango ditugu.