Faktoria
Zientzia Astea
Zientziaren astean ikasiz eta gozatuz
EHUren 19. Zientzia Asteak Donostiako Tabakaleran du kokalekuetako bat. Motorren orkestra, nitinolezko malgukia, Nao robota, Taula Periodikoa, gomazko eskuaren ilusioa....gozatuz ikasteko bidea.
-
Nao robota zientziaren Astean
24:36 min
Itziar Zubia EHUko Gipuzkoako kanpuseko idazkari akademikoa eta Zientzia Astearen Gipuzkoako antolatzailea izan dugu gurekin eta aurrera egiteko ikerketaren garrantzia azpimarratu digu.
15 postutan experimentu eta azalpen interesgarriak jaso daitezke.
Iker Gallardo eta Mikel Arruabarrena fisikariek adibidez Nitinolezko malgukia erakutsi digute. Nikelez eta Titanioz egindako malguki txikia, neurriz aldatu arren, berriro bere neurrira itzultzen dena berotutakoan. Memoriadun materiala da eta besteak beste hortzetako aparailuetan erabiltzen da eta Marteko robotari hautsa kentzeko ere balio du.
Unai Telletxea ingenieritzako ikasleak motorrekin egindako orkestra aurkeztu digu. Besteak beste AC/DC taldearen musika egiten duten motorrak.
Taula periodikoaren nazioarteko urtea denez, Marian Iriarte Kimika fakultateko dekano eta irakaslearekin taularen garrantziaz hitz egin dugu eta Mirian eta Iraia Irungo Txingudi Institutuko ikasleek taula ikasteko egin duten dominoa erakutsi digute.
Alex Triguero informatikariak NAO robota erakutsi digu. Oraindik euskaraz ez da moldatzen eta gaur zaratarekin zoratuta zebilen arren, gaztetxoek primeran pasa dute, robotarekin hitz egiten saiatzean.
Eta Ixone Badiola Psikologia fakultateko irakasleak gomazko eskuaren ilusioa bizi arazi digu. Gomazko eskua geure eskua dela sinistera iristen da gure garuna.