Faktoria
Arantxa Tapia
'Abiadura handiko trena garraiobide berdea da, inolako zalantzarik gabe'
2024rako tren lasterra martxan izan dadin Espainiako gobernu berria osatu eta konpromisoak betetzea eskatu du sailburuak.
-
Arantxa Tapia
30:52 min
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan du logikoa dela abiadura handiko trenaren inguruko diru partidak aurrekontu proiektuaren ‘atal berdean’ egotea. Trenbidearen aldeko apustua sendoa dela esan du, argindarra oinarri izanda errepide bidezko garraioaren aldean garbiagoa delako. Euskotrenen sarea hobetzea edota autobus elektrikoarentzat azpiegiturak sortzea berdea den bezala, tren lasterra ere azpiegitura berdea dela defendatu du.
Espainian lehenbailehen gobernua osatu eta Tapiak espero du hartutako konpromisoak betetzen hastea, borondatea badagoela dioten arren, aitzakia asko ere jartzen dizkietelako eta epeak ez direlako betetzen ari. 2024rako trena, hiriburuetako geltoki eta guzti, martxan egotea espero du Tapiak.
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu horiek Elkarrekin Podemosekin onartzeko aukera ikusten du Tapiak, baina oraindik tentuz hitz egin nahi du, ezer ez dagoelako itxita. EHBildurekin aldiz, ez du akordio aukerarik ikusten, Jaurlaritzaren eskumenetatik haragoko gaiak jartzen dituelako mahai gainean.
Aurrekontu proiektuan 175 milioi euroko partida aurreikusten da gobernuak enpresa estrategikoetan parte har dezan, hauek Euskadin errotuta jarrai dezaten. Euskaltel da enpresa horietako bat. Tapiak esan du Euskaltelen akzioak erostea aztertzen ari direla, diskrezioz izango dituztela harremanak enpresarekin une egokia noiz den eta zenbat akzio erostea komeni den aztertzeko. Edozein kasutan, sailburuak argi utzi nahi izan du Euskaltelen errotzea ez dagoela uneotan arriskuan.
Pozik dago Ekonomia Garapenerako sailburua Bizkaian metalgintza alorrean aldeek lortu duten akordioarekin eta zoriondu egin dute. Aldiz, urtarrilaren 30erako Eskubide Sozialen Gutunak deitu duen greba orokorrerako ez du motiborik ikusten.