Faktoria
Gurutz Larrañaga
'Nork ordaintzen ditu lo-etenak? Sufrimendua? Estigma beltz hori? Gastuak?'
14 urteko kartzela zigor eskari 'proportziorik gabekoa' gainean eramateak ekarri dion zigorra salatu du kultura sailburu ohiak eta auzi osoan 'bere errugabetasuna probatu beharrean izan' dela
-
Gurutz Larrañaga
29:05 min
'Zama haundi bat kendu dudan sentsazioa daukat'. Hala abiatu du bere jarduna gaur 'Faktoria'n Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiak eskaini duen elkarrizketan, hasieratik, De Miguel auziaren fiskalaren zigor eskari 'erabat proportziorik gabekoek' eragin diotena zigor gehigarri bat izan dela salatuta. 'Beste gehigarri bat da. 14 urte botatzen badituzte bizkarrean, 14 urte bota dizkzizuten persona gisa ikusten zaituzte kalean. Karga hori izugarria da. Gainean eraman behar duzu hori, nahiz eta gero une batetik bestera kendu', azpimarratu du. Gogor egin du, baita ere, errugabetasun presuntzioa ez dela errespetatu esaterakoan. 'Akusazioa egiten duenak frogatu egin behar du eta ez alderantziz, baina benetan gertatu da: denbora guztian nire inozentzia probatu beharrean izan naiz', zehaztu du.
Ildo horretan absolbitutakoak lehengoratzeko neurri judizialak aldarrikatu ditu: 'Zerbait egin beharko litzateke. Nork ordaintzen ditu lo-etenak? Sufrimenduak? Familiaren negarrak? Gizarte estigma beltz hori? hamar urteko gastuak? eta hamar urteko abokatuaren lana? pentsio batetik bizi den persona batentzat izugarrizko zigorra da, itomena… Horren aurrean justiziak zerbait egin beharko luke', iritzi dio.
Xabier Sanchez Robles kondenatutako kirol zuzendari ohiak oraindik gertatu danari buruzko esplikazio argirik ez diola eman jakinarazi du eta argi geratu dela epaian ez zegoela trama bat, baizik eta pertsona jakin batzuren gaizkiletza. EAJk auzian duen inplikazioaz, berriz, esan du 'auzia barru-barrutik ezagututa, argi geratu dela alderdiak zuzenean ez duela prozesu honetan inolako erantzunzkizunik'. Gaineratu du, Iñigo Urkulluk epaiaren ondoren egindako deklarazioa 'nahiko koherentea' iruditu zitzaiola baina 'oso deserosoa' egiten ari zaiola, kasu honen haira EAJ, PP eta, batez ere, EHBilduren artean sortu den 'zalaparta'.