Faktoria
Miren Gorrotxategi
“Herritarrek ezkerreko Jaurlaritza eskatzen dute”
Gorrotxategiren ustez Podemoseko militantziak bera aukeratu du lehendakarigai, aurreko zuzendaritzak Jaurlaritzaren aurrekontuak babesteko egindako akordiotik gehiago espero zuelako.
-
Miren Gorrotxategi
15:30 min
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan du, bere ustez, alderdiko oinarriek bera aukeratu dutela lehendakarigai Jaurlaritzaren aurrekontuak babesteko Lander Martinezen zuzendaritzak egindako akordioarekin ez zeudelako gustura. Akordio hartan lortutako gastu soziala ez zela nahikoa izan dio Gorrotxategik, besteak beste politika fiskalik ez zelako berrikusi eta diru sarreretan indarrik egin gabe gero nekez izaten delako nahikoa diru gastatzeko.
Pablo Iglesiasengandik jasotako babesa ere mesede izango zuela uste du, dioenez “Iglesiasek Euskadin predikamendu ona duelako”.
Datorren hauteskundeen ondoren ezkerreko Jaurlaritza osatzen saiatuko da Gorrotxategi, EH Bildurekin eta PSE-EErekin, Irungoa bezalako akordioak oinarri hartuta. Bere esanetan hiritarrek eskatzen dutena horixe da.
EH Bildu akordio horretara gerturatzea sozialistak gerturatzea baino errazagoa dela uste du, baina bidea ez dagoela itxita. Puntu komunak landu eta lotu behar direla dio, beti ere justizia soziala oinarri hartuta.
Oposizioan geratuz gero, hala behar denean Jaurlaritzaren kudeaketa salatuko dutela aurreratu du, baina babestuko dituztela justizia sozialaren norabidean hartzen diren neurriak.
Euskadiko Ahal Duguren etorkizunari buruz uste du aste honetan finkatuta geratuko dela zuzendaritza berria aukeratu arteko behin behineko lantaldea. Martinezen lantaldearekin zubiak eraikitzen saiatu dela aitortu duen arren, ziurtatu du primarioak galdu ondoren haiek nahiago izan dutela alde egitea.