Faktoria
Miren Basaras
“Gaixotasuna kontrolatzeko denok hartu behar dugu parte”
Kutsatze kasuek gora jarraituko dutela dio mikrobiologoak, eta orain arte hartutakoak baino neurri zorrotzagoak hartu beharra irits daitekeela.
-
Miren Basaras mikrobiologoa
19:23 min
COVID-19 koronabirus kasuak gehitzen ari direla Miren Basaras EHUko mikrobiologoak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n argitu dizkigu gaitza izaten ari den garapenari eta hartu beharreko neurriei buruzkoak:
EUSKAL HERRIAN: Probabilitate handia dago Araban hartutako euste eta kontrol neurriak Bizkaira ere hedatzeko. Kutsatze kasu berriak guztiz lokalizatuak ez badaude, komunitate kutsatzea bada ematen dena, eta hori da, birusak hedatzen jarraituko du. Horren aurrean euste neurriek gogorragoak eta zorrotzagoak izan beharko dute.
EUROPAN: Erreferentzia da uneotan Italia, han hartutako neurriek nolako emaitza eman duten ikusteko. Europako beste herrialde batzuetan baino kutsatze kasu gehiago eman dira Italian, eta horregatik dira neurriak zorrotzagoak. Frantzian, Alemanian eta hemen kasuak ugaritzen ari dira, etengabe handitzen ari da epidemia, kontrolik gabe. Horregatik ikusi behar dira Italiako emaitzak.
HAINBESTERAKO DA? Euste neurririk aplikatuko ez balitz, edonor kutsatuko litzateke. Pertsona gehienek, osasuntsuek, sintoma arinekin igaroko lukete gaixo aldia eta berez sendatuko lirateke. Populazioaren % 14k arazo larriagoak izango lituzke, eta horietatik % 5ak oso larriak, batez ere pneumoniak. Horrek ospitaleratzeak bultzatuko lituzke, eta han kutsatzeak areagotu eta epidemia handituko litzateke. Ospitaleak ez kolapsatzeko aurrez euste neurri zorrotzagoak hartu behar dira.
PUNTU GORENA NOIZ? Uneotan gaitzaren hasieran gaude Euskal Herrian, eta kasuak igotzen joango dira, eta behar bada neurri zorrotzagoak hartu beharko dira. Zaila da pronostiko bat egitea, baina Italian gertatu dena ikusita, esan daiteke epidemiaren puntu gorenera iristeko aste batzuk beharko ditugu.
KUTSATZEA: Ikerketa gehienen arabera transmisio maila altuena izaten da sintomak bortitzen agertzen direnen unean. Haurren kasuan, sintomak oso arinak direnez, transmititzeko ahalmena ere txikiagoa da. Bestalde, oraindik ez dago nahikoa ikerketa esateko koronabirus familia honek zenbat denbora irauten duen bizirik organismotik irten ondoren, eta beraz azaleraren batean geratuz gero zenbat denboran egon daitekeen puntu horretan kutsatzeko arriskua. Horregatik da garrantzitsua higiene neurriak zorroztea, eta eskuak aho, begi eta sudurrera ez eramatea.
HILKORTASUNA: Gripe arruntaren kasuan gaixotzen direnen % 1 hiltzen da. Koronabirusaren kasuan, momentura arteko datuen arabera, kutsatutakoen % 2 edo % 3 hil dira. Baina oraindik kutsatze kopurua ez da behin betiko datuak ateratzeko bezain esanguratsua.
HAURRAK: Txinakoak dira momentu honetara arte dauden datu bakarrak, eta ez dira nahikoa haurrengan birusak duen portaera ikusteko. Une honetara arte ikusi dena da gutxi kutsatzen direla umeak, oso sintoma arinak izaten dituztela eta kutsatu direnen % 2ra ez dela heltzen gaixotasunen larriagoren bat garatu dutenen kopurua. Haur bakarra da koronabirusagatik hil dena.
TXERTOA: Badaude uneotan laborategi mailan hainbat prototipo, hainbat aurre-txerto eta espero da apirilean edo maiatzean hurrengo faseetan frogatzea, gizakiarentzat eraginkorrak eta seguruak diren ikusteko.
GAITZA BIRRITAN? Txinan ikusi dena da sendatu direnek ez dutela berriro gaixotasunik pairatu, baina ez dago daturik esateko garatutako anti-gorputzek zenbat denborarako inmunizatu dituzten esateko.
DENON ARDURA: Gaitzaren hedapena geldiaraztea denon ardura da, bai osasun agintariena, bai herritarrena. Horregatik beharrezkoa da emandako argibideak jarraitzea, eta batez ere gaixo egon gaitezkeela uste izanez gero neurriak hartzea beste inor ez kutsatzeko, persona asko dauden tokietara ez joanda.