Faktoria
Maddalen Iriarte
“Beldur naiz Confebaskek Jaurlaritza bahituta ote duen”
EUSKADI IRRATIA
Zalantza egin du Iriartek esentziala zer den eta zer ez demokratikoki hautatutako agintariek erabakitzen ote duten, edo enpresarien hierarkia pean ote dauden.
-
Maddalen Iriarte
22:49 min
Maddalen Iriarte EH Bilduren legebiltzarkide eta lehendakarigaiak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan du eurak, ikerlari nagusienen gomendioak jarraituta, ezinbesteko ez diren jarduera guztiak geratzearen aldeko direla, euren ustez gaixotasunari aurre egiteko errazagoa delako.
Espainiako gobernuak Jaurlaritzaren eskariz emandako argibideen ondoren, Iriartek galdera egin du ea nork erabakitzen duen esentziala zer den eta zer ez. Beldur dela, esan du, Confebask enpresarien elkarteak Jaurlaritza bahituta ez ote duen.
Confebaskek duen garrantzia aitortuta, esan du beste enpresari elkarteek, sindikatuek eta langileek diotena aintzat izanda hartu beharko lituzketela erabakiak demokratikoki hautatutako agintariek, eta ez enpresarien hierarkia pean.
Zentzu horretan berretsi du EH Bilduren eskaria mahai bat osatzeko, erakunde, alderdi politiko, eragile sozial eta sindikatuekin, krisiaren kudeaketan lehentasunak finkatzeko. Denen artean erabakiak hartuta egoera hobeto kudeatzeko aukera ikusten du, ekitatea erdigunean jarrita. Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrak bihar telematikoki egingo duen bileran lehendakariaren azalpenak entzungo dituztela esan du, eta gero euren proposamenak jarriko dituztela mahai gainean.
Osasun krisi honen aitzakian ematen ari den zentralizazioa ere kritikatu du Iriartek. Bere esanetan, Jaurlaritzak ez du behar adina indar jarri kontzertu politiko propioa lortzeko, eta ondorioz, Espainiako gobernuarekin harremana orain artekoa bezalakoa da, aldian-aldian partxeak jarriz.
Hauteskundeak noiz egingo diren ez daki EH Bilduren lehendakarigaiak, baina susmoa hartuta dago EAJk eta PSE-EEk nahi dutela larrialdi egoera hau amaitu eta segituan egitea. Bere ustez ezin dira askorik atzeratu, oposizioak berak ere ez duelako bere lana egiteko tresnarik, baina gizarteari tarte bat utzi behar zaio botoa eman aurretik shock psiko-sozial hau gainditzeko.