Faktoria
'Faktoria', ostiralean
Sheila Fritz, gertuko elkarrizketan, eta Mertxe Aizpurua, 'Faktoria'n
Oñatin bizi den estatubatuarraz gain, EH Bilduko diputatua ere elkarrizketatuko dugu eta Bizkaian koronabirusak gogorren jo duen adinekoen egoitzetan izango gara.
-
Mertxe Aizpuruaren artxiboko irudi bat
Oñatiar bihurtu den amerikarra da Sheila Fritz. 70eko hamarkadan Euskal Herrira etorri eta Oñatin ezagutu eta bertan gelditu da. Jon semeak kontrako bidea hartu du, Euskal Herrian jaio, Oñatin hazi baina, Ipar Ameriketara itzuli da bidea egitera. Konfinamenduak banatuta utzi du Fritz familia, Atlantiko ozeanoak eta alarma egoeraren debekuak erdibituta.
Bestalde, Mertxe Aizpurua, EH Bilduko diputatua, elkarrizketatuko dugu, Pedro Sanchez Espainiako gobernu-buruarekin bilera egingo duen egunean eta Bizkaian, koronabirusak gogorren jo duen adinekoen egoitzetan izango gara.
10:00etan ekingo diogu magazinari. Hasteko, Realaren eta Athleticen kopako finalaren bezpera litzatekeenez, hainbat zalerekin hitz egingo dugu. Gainera, Idoia Torregarairen umore printza iritsiko zaigu, eta Markos Zapiainen aholku filosofikoak ere jasoko ditugu. Albaola Itsas Faktorian zertan ari diren kontatuko digu Xabier Agote arduradunak. Gainera, ikastolen eta eskola publikoen festak atzeratu direnez, Koldo Tellitu Ikastolen Elkartearen lehendakariarekin, Lurdes Imaz Euskal Eskola Publikoaren jaiaren koordinaztailearekin eta Marta Diaz Napal Nafarroako Sortzeneko koordinatzailearekin hitz egingo dugu.
07:00etatik 13:00etara izango da zabalik "Faktoria".