Itxi

Faktoria

Internet bidezko erosketak

Online erosketak bikoiztu egin dira eta gainezka eginda daude banaketa enpresak

Jone Larrañaga

Correos Express-ek kontratazio azkarrera jo du eta segurtasun neurriak bete gabe ari dira langileak, Euskadi Irratiak gaur bertatik bertara ikusi ahal izan duenez.

  • Fardelak banaketarako prest, furgoneta barruan

    Fardelak banaketarako prest.

    4:45 min
imagen player
imagen player
imagen player

Epaileek jarritako baldintzak bete ezinik, Amazonek bere jarduna etetea erabaki du Frantzian eta, beraz, on-line plataforma horretan erosketarik ezin da egin Ipar Euskal Herrian. Oso bestelako egoera da Hego Euskal Herrian. Mezularitza zerbitzuak, gutxienez, bikoiztu egin dira alarma aldian eta gainezka eginda daude banaketa enpresak. Kontrazio azkarrera jo behar izan dute eta segurtasun neurriak bete gabe ari dira zenbaitetan Euskadi Irratia, gaur, lekuko izan denez.

Usurbilgo Correos Expres banaketa zentroan, adibidez. Egun argitu aurretik lau trailer iritsi dira bertara. Banaketa zentro handietatik Usurbilera gauez etortzen diren beste furgoneta handi azpikontratatuak ere bai. Zortziak aurretik jarri dira paketeak banatzen dituen zintaren aurrean, lerroan, banatzaileen furgoneta txikiagoak. Ehun gutxienez, bai. Herri edo eskualdeka banatu dituzte fardelak eta euren ibilgailuetan sartu dituzte gidariek. Gidari batzuk badira bertakoak, baina etorkinak gehienak, Europa ekialdekoak eta batez, ere Latinoamerikakoak. Euren kasara ari direnek eroslearen sinadura jaso ondoren eskuratzen dute zenbateko bat (euro bat eta hogei xentimo ingurukoa). Subkrontata bidez ari direnek oinarrizko soldata bat ere badute. Berak zorte hori baduela eta gustora mintzatu zaigu izenik eman nahi ez duen gidari bat. Maskara du jantzia. Bere azpikontratan segurtasun neurriak betetzen ari dela dio. Baina banatzaile asko ari dira maskarrik eta eskularrurik gabe.

Gidari hauek 150 banaketa egiten ari dira egunero, batez beste. Bihar ere lanera deitu dituzte. "Jendea aspertuta dago etxean. Erosi eta erosi ari dira. Eta ikusten duzunez, premiazkoa ia ezer ez. Arropa, zapatilak, txokolateak egiteko moldeak...", esan digu horietako batek. Ikusi ditugu, adibidez, puxikentzako helioz betetzeko haizagailuak, butaka handi bat eta, besteak beste, Aliexpressetik eta Amazonetik bidalitako beste milaka eta milaka pakete.

ETTetako langileak babes eta ziurtagiririk gabe

Gainezka eginda daude bantzaileak. Usurbilgo plantako arduradun Jerónimo Granadok baieztatu digu alarma aldiaren aurretik 4.000 banaketa egiten zirela eguneko; orain, 9.000 pakete baino gehiago. Eta Aste Santuko oporretan pilatutakoak gehitu zaizkie, gainera, egunotan. Horiei denei bidea emateko lan-egutegia zabaldu egin dute (bihar, larunbatez, lanera joango dira) eta kontratazio berria egin: Banatzaile autonomoei eta Correos Expresseko langileei batu zaizkie, azpikontratetakoak eta Aldi Baterako Lan Enpresen bitartez kontratatukoak. Izena gordeta, langile horiek Euskadi Irratiari kontatu diote segurtasun neurririk gabe ari direla eta aldi baterako enpresek lan-ziurtagiririk ere ez diela eman orain arte.

ELA Sindikatuak langile hauen prekarietatea salatu du azken orduotan eta erregularizazioa ekarriko dituen baldintza sozialak exijitu ditu. Sindikatuak gogor kritikatu du online merkataritza oinarrizko jarduera izendatu izana, banaketa enpresa handiei erraztasun guztiak jarri dizkietealako gobernuek eta merkatari txikiak amildegira eraman.