Faktoria
Asteartean
Euskaltegien egoerari begira, 'Faktoria'n
Zein egoeran daude euskaltegiak? Titulazio frogak egin ahal izago al dira? Datorren ikasturteko matrikulazioek behera egingo al dute? Galdera horiei erantzuten saiatuko gara.
-
Baraldoko udal euskaltegiko irudi bat.
Larrialdi egoera honetara euskaltegiak nola egokitu diren eta hemendik aurrerako zein kezka eta erronka dituzten aztertuko dugi astearte honetako 'Faktoria'n. Oraindik euskararen titulazio frogak nola egingo diren ez dakite ziurtasunez eta, aurrera begira, datorren ikasturteko matrikulazioek behera egingo duten beldur dira. 09:30etik aurrera entzungo dugu haien ahotsa.
Horren aurretik, solasaldiaren garaian Nuria Lopez de Guereñu, Edurne Egino eta Nerea Azurmendi batuko dira analisi mahaian. Eguneko zutabea Josu Amezagak sinatuko du.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, CAF-Elhuyar sarietan merezimendu saria lortu duen Ana Zubiaga genetikako katedradunarekin hitz egingo dugu, Jarraian, bidaia astralen pentalogoa egingo digu Tania Arriagak. 11:00etan, Naturan hezten webgunea ezagutuko dugu Garazi Auzmendi Landarlan ingurumen Elkarteko kidearekin, eta belaontzien oihalekin altzariak egiten dituen Dvelas enpresaren jarduna nolakoa den azalduko digu Arraitz Koch diseinatzaileak. Gainera, Basq Company enpresaren zapatilak jantzita ibiliko gara. Material birziklatuz egindakoak dira, eta Aitor Alvarez enpresaren sortzaileak emango dizkigu argibideak. Bestalde, Bazen Behin Darabagun ekimenaren berri emango digu Edu Fraile Araba Euskarazen dinamizatzaileak. 12:00etan, 10 piano pieza ilustratu ekarriko dizkigu Mikel Chamizo konposatzaileak, eta, ondoren, Sukaldari Deman, zerbak aprobetxatzen irakatsiko digute Pili Manterolak eta Igor Zalakainek. Azkenik, Belaguako aterpetxea zabaltzeko prest ote dagoen kontatuko digu Koldo Aldaz berritzeko proiektuaren arduradunak.
07:00etatik 13:00etara izango da zabalik "Faktoria".