Sinadura
Aingeru Epaltza
'Ez da mundua eroriko'
Madrilgo kongresuan alarma egoera luzatzeko alderdi politikoek izandako jarrerak eta Espainiako gobernuaren sostengu eroso eta deserosoez aritu da Aingeru Epaltza idazlea.
-
Aingeru Epaltza
2:50 min
"Ez da mundua eroriko. Ez da kaosa etorriko. Alarma egoeraren luzapena erabaki zuen atzo Madrilgo Kongresuak. Sanchezek bere gisara gidatzen segitzen ahalko du, Estatu Espainiarrean, pandemiaren kontrako borroka. Guztiak, beraz, berdin jarraituko du? Guztiak ez. Autonomia erkidegoek, orain arte ez bezala, zer esana izanen dute desetxealdian, horrela hitzartu baitu Sanchezek Eusko Alderdi Jeltzalearekin, haren baiezkoaren truke. Euskadiko hauteskundeak uztailean egin ahal izatea errazagoa izanen zaio, gainera, Urkullu lehendakariari. Atzotik, hautetsontzietatik hurbilago daude arabarrak, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak. Estatuan, berriz, aldaketa ttikiak baina adierazgarriak ditu aliantzen mapak. Sanchezek Esquerraren laguntza galdu du, baina Ciudadanosena irabazi. Independentista kataluniarrek asteak egin dituzte beren ezezkoa mamitzen eta iragartzen. Ez da ustekaberik izan. Arrimadasek orain zuzentzen duen alderdiaren jarrera aldaketak gehiago harrotu ditu bazterrak, batez ere alderdiaren barnean. Ikusi behar kontu puntuala den, edo indartuko den joera. Sanchezi eta, orokorrean, Espainiako Alderdi Sozialistari, hagitzez ere erosotasun handiagoa sumatzen zaio Ciudadanosek sostengatuta, errepublikanoek baino. Berriz, kontrara gertatzen zaio gobernuaren hanka laburrenari. Iglesiasi eta, oro har, Podemosi deseroso egiten zaie Arrimadasen laguntza, badakitelakoz bere prezioa izanen duela". Honelaxe hasi du 'Faktoria' saioko ''Sinadura'' Aingeru Epaltza idazleak.