Faktoria
Ostiralean
Adimen gaitasun handiaz, "Faktoria"n
Simone Eizagirrek 24 urte ditu eta Fisikako doktoretza egiten ari da Cambridgen. Adimen gaitasun handia izateaz ariko gara berarekin.
-
Garuna erakusten duen irudia
Adimen gaitasun handiaz arituko da ostiral honetako "Faktoria", gertutik. Simone Eizagirrek 24 urte ditu eta Fisikako doktoretza egiten ari da Cambridgen. Adimen gaitasun handia du, baina, bere ustez, beste pertsona batzuek beste gaitasun batzuk dituzten neurrian definitzen du ezaugarri horrek. Potentzialitate bat da beste ezer baino gehiago, eta, hain zuzen ere, potentzialitate hori behar bezala aprobetxatzen ote den galdetuko diogu elkarrizketa pausatuan.
09:30etik aurrera izango da hori. Aurrez, solasaldiaren tartean, Laura Mintegi, Xabier Barandiaran eta Javier Diaz-Noci eseriko dira analisirako mahaian. Asteari post data jartzeko lana, ostiralero bezala, Pablo Joxe Aristorenarena izango da, eta zortziak aurreko zutabea sinatzekoa, berriz, Begoña Muruagarena.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, jaietako edalontzi berrerabilgarriez hitz egingo digu Mikel Almandoz Basorlegi enpresako arduradunak. Jarraian, asteko umore printza ekarriko digu Idoia Torregaraik, eta konfinamenduak ikasi ditugun gauzez hitz egingo digu. Diputazio Iraunkorraren bilerari jarraipena egin ondoren, Zamudioko Magalarte txakolindegiko Andoni Aretxabaletak kontatuko digu nola bideratuko duten euren stocka. 11:00etan, ferietako merkatariei egingo diegu tartea. Udan lan egin ahal izango al dute? Eusebio Albesekin hitz egingo dugu. Ondoren, Amaia Albes diseinatzailearen moda tartea zabalduko dugu, eta Diputazio Iraunkorraren bilerara berriz jo ondoren, June Calsor abeslariak bere diskoa aurkeztuko digu. 12:00etan, bestalde, Incansables txarangako kideak izango ditugu.
07:00etatik 13:00etara izango da zabalik "Faktoria".