Faktoria
Astelehenean
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, "Faktoria"n
Ikastetxeek eskola presentzialen berreskuratzeaz eta iraileko ikasturte hasieraz galdetuko diogu Uriarteri.
-
Cristina Uriarte artxiboko irudi batean
Maiatzaren 18an zuen iragarria Hezkuntza Sailak ikastetxe eta eskola presentzialen itzulera-egun gisa, eta atzeratu egin du Eusko Jaurlaritzak. Maiatzaren 25ean fase aldaketarekin egin nahi du ikasgeletako itzulera hori, baina hezkuntza komunitatean zalantza asko daude. Eragileek aurkeztu dituzten kezka horiei buruz galdetuko diogu Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari, eta irailean hastekoa den ikasturteari buruzko xehetasunak eskatuko dizkiogu "Faktoria"n.
Astelehenean, Bizkaiko adinekoen egoitza batzuetan aldaketak izango dira: isolatuta egon diren adinekoei bisitak egiteko aukera izango dute senideek. Lekeitioko adinekoen egoitzan, senide eta langileekin izango da "Faktoria".
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, Donostiako Ondarreta hondartzara joko dugu, bertan hondarra prestatzen hasiko direlako. Ondoren, kirol solasaldia izango dugu Ane Urkiri eta Beñat Zarrabeitiarekin. Museoen Eguna izanik, 11:00k aldera, Muskizko Pobal auzoko burdinola ezagutuko dugu, oraindik irina egiten baitute bertan. Ondoren, Jon Aldeiturriagaren "Bilbotik mundura" tartean, Bizkaiko hiriburuko dendariak nola dabiltzan jakingo dugu, Jorge Aio Bilboko erdiguneko dendarien elkarteko gerentearen eta Sweet Glory arropa dendako Janire Matillaren bidez. Segidan, kultur sortzaileen egoerari erreparatuko diogu Filgi Claverierekin. Euskal Elkargoan kultura partaidetzaren zuzendaria da bera, eta Iparraldeko egoeraz galdetuko diogu. 12:00etan, berriz, telebista eta zinemako grabazioei begira jarriko gara. Pausoka ekoiztetxeko Xabier Zabaletak kontatuko digu nola dabiltzan, eta, jarraian, "Go!azen" telesailaren denboraldi berrirako online kastinak egiten ari direla kontatuko digute Nikola Zalduegi, Xabier Rodriguez eta Maria Redondo aktoreek. Ylenia Benitoren liburu-gomendioa ere jasoko dugu.
07:00etatik 13:00etara izango da zabalik "Faktoria".