Faktoria magazina
Loreto Mauleon
Loreto Mauleon, izen artistikorik behar ez duen aktorea.
"Patria", "El secreto de Puente Viejo", "Goenkale"....bere ibilbidearen errepasoa eginez, esan digu lan taldeko giro ona beretzat oso garrantzitsua dela eta orohar beti lortu duela hori.
-
Loreto Mauleon. Argazkia:Pedro Valdezate
23:10 min
Loreto Mauleon aktore donostiarra Madrilen bizi da gaur egun. Han, pandemiaren erasoa oso gogorra izan dela kontatu digu eta gaur lehenengo fasea estrenatuta, paseo bat ematera joan dela. Ez luke nahi jendeak pandemiaren gogortasuna ahaztea eta arduraz jokatu behar dela adierazi digu. Donostiara etortzeko eta familiarekin egoteko gogo biziz dagoela ere aitortu digu.
Itxialdian nahiko ondo moldatu da, "aktoreak ohituta gaudelako lan askoko boladak eta lanik gabekoak bizitzen. Itxialdi hau lanik gabeko bolada baten gisan bizi izan dut, asko irakurriz besteak beste".
"Patria" telesaila estrenatzear zela iritsi zen itxialdia eta "erabat bukatu gabe, dena geratu behar izan zenez, ez dakigu noiz estrenatu ahal izango den". ETA-ren gaia lantzen duen telesailean oso gustura egin du lana, besteak beste euskal aktore talde bikaina eta giro ona izan duelako. "Grabazioa bukatu ondoren barrez hasteko aukera izatea, seinale ona da". Arantxa-ren papera egin du "Patria" telesailean Loreto Mauleonek.
Joan zen astean bukatu zen Antena-3 kateko "El secreto de Puente Viejo" telesailean, agertu eta desagertu, bederatzi urteetan zehar, hiru urtez egin du lan. Irauteko, lanean giro ona ezinbesteko ikusten du aktoreak eta hemen ere hori azpimarratu digu, taldeko giro ona.
Eta nola ez, 'Goenkale'ko Joana izan zen aktoreari, Euskal Telebistako telesail mitikoaz ere galdetu diogu. Gogoan du nola bizi izan zuen garai hura: goizetan Goenkaleko grabazioak eta arratsaldez Ingenieritza Zibila ikastera. Beste behin ere eskerrak eman dizkie, apunteak hain txukun hartu eta uzten zizkioten ikaskideei.