Itxi

Faktoria

Itxaso Atutxa

“Akordio honekin estatuaren birzentralizatze gurarietatik babestu gara”

EAJ eta Espainiako gobernuaren akordioak Euskadiren eskumenak babesten dituela dio, besteak beste hezkuntza eta osasungintzan. COVID-19 kasu berriek gizarteari zer pentsa eman behar lioketela esan du.

  • Itxaso Atutxa Euskadi Irratian

    Itxaso Atutxa Euskadi Irratian

    24:09 min
imagen player
imagen player
imagen player

Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n adierazi du “normaltasun berrirako” Espainiako gobernuak gaur onartuko duen dekretuaren jatorrizko testuak atea irekita uzten zuela alarma egoera amaitzean hezkuntzan edota osasungintzan, hainbat gai birzentralizatzeko eta bart EAJk gobernuarekin loturiko akordioarekin bide hori ez dela hartuko bermatuko da. Espainiako gobernu guztiek izan ohi dute birzentralizatze guraria Atutxaren esanetan, eta oraingoak ere badu. Espero du, bestalde, lortutako akordio honek erakusten dituela bideak, gaitzaren berragertze bat emanez gero, alarma egoerara jo beharrik gabe, ohiko legediaren bidez egoerari erantzuteko.

ERCk dekretuari atzo egin zizkion kritikei buruz galdetuta, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak esan du ERCren azken iritziari itxarotea komeni dela, berak errepublikarrak gobernuarekin akordioak lortzeko prest ikusten baititu, eurei ere komeni zaielako.

Normaltasunerako urratsak egiten ari diren arren, Basurtun eta Txagorritxun izan diren berragertzeek gizarteari zer pentsa eman beharko lioketela uste du eta babes neurriak hartzen segi beharra azpimarratu du, gaixotasuna ez delako joan.

COVID-19ak bi aste barru hasiko den hauteskunde kanpaina baldintzatuko duela ziur dago Atutxa, eta bere alderdiak hauteskundeetako programa bera ere egoera berrira egokitu behar izan duela, ez baita bera proposamenak egitea langabezia % 10etik beherakoa zenean, edota %12a gainditutakoan.

Hauteskunde atarian EAJren eta beste hainbat alderdiren egoitzen aurka egiten ari diren pintaketak direla eta, Itxaso Atutxak  aitortu du mingarriak egin zaizkiola Arkaitz Rodriguez SORTUko idazkari nagusiaren adierazpenak, esanez pintura azetonarekin erraz garbitzen dela. Galdetu du ea “Tomas Caballeroren  familiak izan duen orban beltz hori hain erraz kentzen den”. Patxi Ruiz presoa zigortua dago Caballeroren hilketan parte hartzeagatik. Atutxak adierazi du nahiago luketela jeltzaleek egunero batzokietan pintaketak egin dizkietela salatuz oharrik atera behar ez izatea, baina horretarako pintaketak gelditzea eskatu du. “Euren baitako beste fakzio horrekin, ATA ingurukoarekin konpondu beharko dute”, adierazi du.  EH Bilduk pintaketa hauek epeltasunez kritikatu dituela esan du, eta lehenagotik ere “gaixo” zegoen bi alderdien arteko harremana ona izaten ez duela laguntzen honek.