Faktoria
Atzerriko botoa
Boto paperak iristeko zain
Uztailaren 12ko hauteskundean parte hartzeko eskubidea duten eta atzerrian dauden herritarrak beldur dira boto paperak garaiz iritsiko ez ote zaizkien.
-
Boto eskubidea gauzatu ahal izango duten ez dakite atzerrian dauden hautesle askok.
7:31 min
Hauteskundez hauteskunde hazten ari da atzerritik Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea duten herritar kopurua. Uztailaren 12ko hauteskundeetan 75.998 izango dira, horietatik gehienak, erdia baino gehiago, Amerikan, zehazki 45.049. Europako beste herrialdeetan boto eskubidea duten 28.258 hautesle daude, Asian 1.298, Ozeanian 904 eta Afrikan 414.
Herrialdeka begiratuta, Argentinan daude boto eskubidea duen biztanle gehien. Rocio Basterra da horietako bat, Argentinan jaio arren, aiton-amonak euskal herritarrak zirelako, eta berak eusten diolako eskubide horri.
Rocio bezala atzerrian era iraunkorrean bizi diren eta bozkatzeko eskubidea duten herritarrek ez ezik, behin behinean kanpoan direnek ere badute botoa bidaltzeko aukera. Ainhoa Beint, Mexikon bizi den gaztearen kasua da. Guztiek Espainiako kontsulatuaren bidez eskatu behar izaten dute hauteskunde erroldan botoa emateko aukera, eta etxera igortzen dizkiete botopaperak. Ohikoak izaten dira atzerapenak bidalketetan, eta kasu askotan ez dira garaiz iristen.
Aurten, COVID-19a dela eta posta zerbitzuan dauden eten eta atzerapenek zaildu egin dezakete prozesua. Juan Luis Ibarra Euskadiko Hauteskunde Batzordeko presidenteak esana du arazoak izan daitezkeela atzerriko botoa gauzatzeko.
Atzerritik botoa emateko eskubidea dutenak gero eta gehiago diren arren, gero oso portzentaje txikia da eskubide hori gauzatzen duena. 2016ko hauteskunde autonomikoetan, esaterako, 69.159 hauteslek zuten eskubidea eta boto zenbaketara 4.105 gutun azal inguru iritsi ziren.
Berez boto asko ez diren arren, eserleku bat kolokan geratzen den kasuetan, erabakigarri gerta daitezke, oraintsu ikusi den bezala.
Iragan azaroko hauteskunde orokorretan, adiobidez, hauteskunde gaua itxi zuen EAJk Diputatuen Kongresuan 7 ordezkari lortuta eta PPk ordezkaririk gabe. Atzerriko botoak kontatu zirenean, ordea, EAJk ordezkari bat galdu egin zuen eta Bea Fanjul PPren diputatu gisa sartu zen kongresuan.