Faktoria
Arantza Eiguren kimikaria
“Ahal bada, bost metroko distantzia”
Koronabirusa, toki itxi batean, bost metroko distantziara ere kutsa daitekeela erakutsi duen ikerketan parte hartu du Berkeleyko AEROSOL DYNAMICS enpresako ikerlariak.
-
Arantza Eiguren, kimikari eta ikerlaria
7:41 min
Floridako unibertsitateak erietxeko gela batean egindako ikerketak erakutsi du koronabirus partikulek kutsatzeko ahalmena dutela bost metroko distantzian.
Ikerketan parte hartu du Elantxobeko Arantza Eigurenek, Aerosol Dynamics taldeko ikertzaileak. Birus partikulak xurgatu, garraiatu eta laborategian egoki aztertu ahal izateko makinaren diseinua egin du Eigurenen ikerketa taldeak eta "Faktoria" saioan azaldu du bost metroko distantzian kutsatze ahalmena duten birus partikulak ez direla kopuru handian topatu, baina, ahal dela, distantzia ahalik eta handiena gordetzearen alde azaldu da.
“Kontua da kopurua handitu egiten dela denborarekin. Horregatik, maskara edukitzea ona da, baina ahal baduzu bi metro baino gehiagoko distantzia gorde, toki itxietan, lanean eta kalean.” Zenbateko distantzia gomendatuko ote lukeen galdetuta, “ahal bada, bost metro” erantzun du ikerlariak.
Munduko Osasun erakundeak oraingoz ez du COVID-19aren aire kutsaduraren tesia frogatutzat jo. Arantza Eigurenek azpimarratu du ikerketa gehiago beharko dela, Floridako unibertsitateak gidatutakoa, esparru itxi batean egindako lehendabizikoa besterik ez dela.