Itxi

Faktoria

Julen Orbegozo

'Teleprotokoloak'

Osakidetzak Covid-19a dela eta aurrez aurreko jarduna ia erabat alboratu eta "tele" jarduna ezarri izana izan du hizpide Julen Orbegozok.

  • Julen Orbegozo

    Julen Orbegozo

    3:12 min
imagen player
imagen player
imagen player

Julen Orbegozoren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Errekor baten berri emango dizuet: 6 egunen buruan, gertuko senitarteko batek 2 PCR froga egin ditu, 2 “koadro kliniko” ezberdinengatik. Alegia, bi aldiz gaixorik jarri, moko, eztul eta sukarrarekin, pediatrak 2 aldiz espedientea ireki, eta 2 aldiz egin diote COVID-a detektatzeko froga. 

Lehenengo aldian diagnostikoa telefonoz egin zioten, telediagnostiko arin horietako bat: “lasai egon, baina, hori bai, joan zaitezte bihar goizean haurraren sudur zuloak marruskatzera, hori dio protokoloak eta”.

Bigarrenean, bere pediatrak, edo bere pediatraren erreplika astronautiko batek, fede kontua baita sinestea bera dela, bi minutuko esplorazioa egin ostean, alboko gelara bidali zuen, berriro ere, sei egun lehenago egin bezala, protokoloak dioen moduan, sudurra igurztera.

6 egunen buruan, beraz, 2 aldiz egon da gaixorik, 2 aldiz egon da familia bat konfinatuta, 2 aldiz isolatuta, 2 bider protokoloa aktibatu da, 2 aldiz COVID 19 etsai zitalaren mehatxupean egon da familia oso bat, 2 aldiz igurtzi dizkiote haurrari sudurzuloak astronautek, eta 2 aldietan, ordea, frogetan ez da COVID 19-aren genomaren trazarik agertu. Mokoak, eztulak eta sukarrak bai, garai honetan normala den moduan, baina COVID-ik ez.

Istorioa xelebrea da, ze “konfinamenduak”, “poskonfinamenduak”, “distantziamenduaren oporraldiak” iraun duen bitartean, haur horrek ez du pediatria zerbitzurik zapaldu 6 hilabete luzeetan. Eta erritmo honetan 30 aldiz marruskatuko dizkiote astronautek, 5 urteko ume bati, sudurzuloak, moko eta eztul denboraldian.

Nire semeari, eta gainontzeko haurrei etengabe sudurzuloak marruskatu behar izateak ez nau kezkatzen, ordea.

Edonon, edozertarako, perretxikoak bailira idatzi diren protokoloen beste puntu batek kezkatzen nau:

Protokolo guztietan, frantsesez “tet a tet” esaten dena, euskaraz aurrez aurrekoa, kriminalizatu, estigmatizatu eta zigortzen dela. Denari “tele” aurrizkia jartzeak ematen omen dio protokoloei zera hori, segurtasun, seriotasun eta garbitasun irudia.

Osakidetzan, esaterako, medikuarekin betidanik izan ditugun bisitak orain telediagnostikoak bilakatu dira. Gure hilabeteko alabari, esaterako, telefonoz diagnostikoa egin eta botika bat errezatu nahi izan diote. Aizue, hor protokoloak zulo handi bat dauka, ze hilabete bateko haur bati, nik behintzat, ez diot botika bat emango telefonoz egindako diagnostiko baten ostean.

Finean, shock egoeran gaudela uste dut, eta testuinguruaren aitzakipean Teleosasungintza, teleadministrazioa, teleunibertsitate, teleeskola, teleharremanak… ezartzen ari zaizkigu. Eta konturatzen ari gara eh, baina susmo antzekoa dut egiten uzten ari garela. Eta esango nuke, “tele” guztiak, gainera, atzerapauso bat direla gizartearen oinarrian gaudenontzako.

2009ko krisialdiaren bueltan politikari bati entzuten nion: kontuz testuinguru sozial, politiko eta ekonomikoaren aitzakipean egitera behartzen gaituzten atzerapausoekin. Eskubideetan pauso bat atzera egiten dugunean, galtzen dugun distantzia ez delako metrotan neurtzen: urteetako protestak, borrokak, aldarrikapenak eta, finean, gure duintasuna daude jokoan. Bereziki gure seme-alabena".

 

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz