Itxi

Faktoria

Herri txikien biziberritzea

'Une hau aprobetxatu beharra dago landa eremua biziberritzeko'

Osasun larrialdian, 66 biztanle irabazi ditu Arraia-Maeztuk. Anartz Gorrotxategi alkateak dio landa eremuaren unea dela. Iraganeko akatsak ez errepikatzeko unea ere badela gehitu du Leire Milikuak.

  • Anartz Gorrotxategi Arraia-Maeztuko alkatea

    Anartz Gorrotxategi Arraia-Maeztuko alkatea

    27:21 min
imagen player
imagen player
imagen player

Osasun larrialdiak eraginda hiritik landa eremurako mugimendua handitzen ari da? Oraindik goiz da datuetan halakorik egiaztatzeko baina zantzu argiak ikusten dira, Araban, behinik behin. Aiaraldeko landa-garapen bulegoan nabaritu dute interes berezi bat. Eta Mendialdean, interesetik harago, jende askok eman du bizilekua aldatzeko urratsa. Osasun larrialdiaren aurretik zeudenekin alderatuta, Arraia-Maeztuko biztanleriak, adibidez,  %7,7 egin du gora. Landa eremurako aukera egin dute 66 biztanle berrik, hiri inguruetatik etorritako familia eta gazteek, bereziki. Anartz Gorrotxategi alkateak dio aukera hau aprobetxatu beharra daukala landa guneak, hau baino hoberik ez dela izango herri biziei eusteko eta haiek biziberritzeko.

Leire Milikua arkitektoa da, agroekologian espezialdua eta biztanle eta komunitateen arteko loturak berrezartzeko planak diseinatu eta garatzen aritzen da. Iraganetik ikasi beharra dagoela azpimarratu du ez gaitezen erori lehengo akatsetan. 'Landaguneari arnasa emateko bultzatu behar da biziberritzea ez hiriari arnasa emateko'.

Ikuspegi estrategikoaren beharra azpimarratu du Milikuak eta zerbitzuei eustearen garrantzia, Gorrotxategik. Zerbitzu egokiak eskainiata bertako biztanleei eutsi egingo zaiela uste du eta etorriko direla berriak. 

Emak, esate baterako, Gasteiz utzi eta Maeztun hartu du bizilekua, orain zortzi urte Anak Bartzelona utzi zuen bezala. 'Mendialdeko okindegia' zabaldu zuten eta bertan bizi da geroztik, 'gutxiagorekin, baina ondo bizi' gainera.