Faktoria magazina
Gogoan gozotegi-okindegia
"Hementxe gaude zuek denak tentatzeko"
Donostia erdialdean, Arrasate kalean ireki dute Gogoan okindegi-gozotegia Ainhoak, Jaionek eta Maixabelek. Ama eta bi alaba, pasioz, gozozale eta ogizaleen ahoak eta oroitzapenak gozarazteko prest.
-
Gogoan gozotegia
19:08 min
Maixabel amak gogoan du 12 urterekin bere lehenengo tarta egin eta Tolosatik nola joan zen Azkoitira amonarengana. Etxean alabei madalenak eta txokolatea ere sarri egiten zizkien eta alaben lagunak ere gustora joaten ziren Maixabelen gozoak dastatzera. Jaionek txokolatea maite du bereziki eta hainbat ikastaro egin eta bere burua formatu ondoren, gozotegia irekitzeko erabakia hartu dute. Ainhoak dekoratzaile gisa egiten zuen lehen lana, baina orain ahizpa eta amarekin gustura ari da ogiak eta gozoak egiten eta hauek denak modu erakargarrian ikusgai eta salgai jartzen. Hirurek sortu dute Donostiako Arrasate kalean Gogoan gozotegi-okindegia.
Dendan saltzen duten guztia bertan egindakoa da, obradorea edo lantegia ikusteko moduan dute eta horrek erakargarriago egiten du guztia, bezeroak badakielako eta ikusi dezakeelako nola egiten dituzten produktuak. Kafearen munduan ere sartu dira eta eramateko gosari otarrak ere prestatzeko asmoa dute.
Arrakasta handia ari dira izaten eta lantaldea handitu nahi dute, eskari guztiari ondo erantzun ahal izateko.
"Faktoria"n bisita egin diegu eta entzutekoak dira esan dizkigutenak. Lanez lepo dabiltza, baina umorea galdu gabe eta perfekzioaren bila.