Faktoria magazina
Zientzia
Txertoen kontrako mesfidantzak uxatu nahian
Zientziaren tartean, Eneko Axpe eta Uxune Martinez kolaboratzaileek eta Izortze Santin ikertzaileak koronabirusaren txertoari buruzko argibideak eman dizkigute, jendearen mesfidantza horiek uxatzeko.
-
Txerto baten irudia. Argazkia: EFE
29:02 min
Denbora asko daramagu koronabirusaren aurkako txertoaren zain, baina era berean, gizartearen zati handi batek mesfidati begiratzen dio etorriko den txertoari. Hori dio behintzat CISek urriaren hasieran egindako inkestak: Espainiako biztanleriaren % 43,8k ez omen luke txertoa jarriko oraintxe aterako balitz. Izortze Santin EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko irakasleak 'Faktoria'n esan digunaren arabera, normalean 8-10 urte behar izaten dira txerto bat garatzeko, baina, oraingoan, herrialde askok jarri dute dirua COVID-19aren kontrako txertoa garatzeko, eta, beraz, arinago doa prozesua. Milioika pertsonarekin ari dira probatzen, eta inoiz baino azkarrago doaz beraz, eta Eneko Axpek jendeari lasaitasun mezua helarazi nahi izan dio: "segurtasun protokolo guztiak betetzen ari dira". Uxune Martinezek esan digu birus berria dela, ez dugula ezagutzen, eta, gure gorputzak ez duela baliabiderik horri aurre egiteko. Hori dela eta, "zientzia premiazko erantzun bat ematen ari zaio", baina, esan bezala, protokolo guztiak beteta. Gaiera, prozesua ez da bukatuko txertoak merkaturatzen direnean, izan ere, ondoren ere, jarraipena egingo zaie. Amaitzeko, Martinezek esan du txertoek ez dutela kentzen, eman egiten dutela, "gure immunitate sistemak ez daukana ematen digute".