Faktoria magazina
Kultur Ondarea
Bolunburuko aztarnategian, aurkikuntza egin zuen basozainarekin eta arkeologo batekin
Zallan, bere jaioterrian, burdin aroko herrixka bat nola deskubritu zuen kontatu digu Koldo Diez de Mena basozainak. Armando Llamosas arkeologoak berriz indusketei esker ikasi dutenaz aritu zaigu.
-
Koldo Diez de Mena eta Armando Llamosas Bolunburuko herrixkako harresiaren atean
13:49 min
153 metroko harresia herrixka bat barnebilduz. Ikusgarria da mendi gaina eta bikaina handik dagoen ikusmira, Zallako bailara osorik jo baitaiteke begi kolpe batez. Erromatarrak iritsi aurretik Bolunburu muinoaren kaxkoan 50-60 lagun bizi zirela uste dute ikerlariek. Duela 40 urte inguru izandako baso-sute bat itzaltzean piztu zitzaion Koldo Diez de Mena basozainari susmoa. Urte batzuk geroago hara itzuli zen eta aiotza hartuta ingurua garbitzeari ekin zion, harik eta han oso aitzinako herrixka bat izan zela ziurtatu ahal izateko frogak bildu zituen arte.
Armando Llamosas Kultura saileko arkeologoa da. Eusko Jaurlaritzako aztarnategia kultur ondasun izendatu berritan azaldu digu zertan datzan Bolunburuko gunearen berezitasuna.