Itxi

Faktoria

Amagoia Gurrutxaga

'Horma-irudia'

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Bilboko Arte Ederren Museoak ‘LEMOIZ GELDITU’ horma-irudia dohaintzan jasoko du, eta hori hartu du abiapuntu Amagoia Gurrutxagak bere 'Sinadura' osatzeko.

  • Amagoia Gurrutxaga

    Amagoia Gurrutxaga

    3:17 min
imagen player
imagen player
imagen player

Amagoia Gurrutxagaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Ronald Reaganen antz handia daukan gizon bat mahai-buru, ezker-eskuin seina apostolu dituela, bankari, militar zein politikari. Mahai gainean, kobra bat, Yankilandiako banderaren izarrak eta barrak eta Espainiako piper-potoa larruazal. “LEMOIZ GELDITU” dioen pankarta bat ageri da, suge erraldoiaren gorputz bihurrituak itota, eta nano-jendea, piztiaren kontra borrokan. Horma-irudi bat da, 5 x 8 metrokoa. Bixente Ameztoi, Karlos Zabala ‘Arrastalu’ eta Jose Luis Zumeta artistek egin zuten, 1980an.

Urte hartaz geroztik jaiotakoak zareten entzuleentzako oharra: Ronald Reagan aktore mediokrea eta antikomunista eta neoliberal eraginkorra izan zen; Donald Trumpek ordezkatzen duen pentsamendu politikoaren arbola genealogikoan, aurreko adarra; eta AEBetako presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen 1980ko azaroaren 4an.

Itzul gaitezen horma-irudira, bada. Reaganek hauteskundeak irabazi eta bost egunera bukatu zuten, gaur 40 urte justu, Bilboko erakustazokan egin zuten Herrikoi Topaketak jaialdi erraldoian. Euskal Herrian indartsu zegoen nuklearren aurkako mugimendua garai hartan, eta historiara pasatu den esaldiarekin erantzun zion mugimenduari Euskadi Buru Batzako orduko nagusiak, Xabier Arzalluzek: “Lemoizik gabe, azak jan beharko ditugu kandelen argitan”. Lemoizko erreaktoreak sekula ez ziren lanean hasi, bada, eta hemen gaude. Nik azak jaten ditut tarteka, aitortuko dizuet; eta haize ufada handiak izan ziren aurreko batean, kandela pare bat piztu nituen etxean, argia joan egin zelako.

Ordubete pasatxo barru, Bilboko Arte Ederren Museoak ‘LEMOIZ GELDITU’ horma-irudia jasoko du, dohaintzan. Non, noiz, zergatik eta zertarako sortu zen jakinda, badut jakin-min pixka bat, museoan nola erakutsiko eta azalduko duten ikusteko. Aspaldi ikasi genuen, izan ere: ‘Desitxuraketarik gabe, askoz hobe’.

Eta bai: Lemoizek ordezkatzen zuen mundu ikuskera desarrollistak, Ronald Reaganek bezalaxe, izan du ondorenik gurean. Abiadura Handiko Trena du ikur aspalditik, eta, oinarri-oinarrizko zerbitzu publikoak eta milaka eta milaka pertsonaren bizi baldintzak kolapsatuta dauzkan pandemia betean ere, herri honen baliabideen parte iraingarri handia xahutzen segitzen du. Obra faraoniko horren aurkako artelan batzuk ere badira. Berrogei urte barru erakutsiko dituzte museoren batean, akaso".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia