Itxi

Faktoria

Hasier Arraiz

'Maskulinitate berriak'

Hasier Arraiz

Feminismoa, maskulinitate berriak eta mikromatxismoak izan ditu hizpide Hasier Arraizek bere 'Sinadura'n.

  • Hasier Arraiz

    Hasier Arraiz

    2:56 min
imagen player
imagen player
imagen player

Hasier Arraizen 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Ukaezina da feminismoaren indarra gizarte arlo askotan, baita pozteko modukoa ere. Izan ere, orain jende guztia feminista da. Duela hamabost urte ez, duela hamar urte ere ez, baina orain guzti-guztiak feministak. Ondo da. “Mainstream” izatearen garrantzia. Espero dut moda faktoreak alde egingo duenean gure gizartean utzitako arrastoa sakona izatea. Gazteei begiratzen diet eta nago baietz, gauza batzuk, zorionez, behin betiko aldatuko direlakoan.

    Azken urtetan, ordea, feminismoaren gerizpean fenomeno berri bat sortu da: maskulinitate berriak. Feminismoaren eraikin erraldoian balkoi bat izango balitz bezala agertu da; txikia da, baina ikusgarritasun guztia erakarri nahi du. Gizonezko batzuk ez omen dakite protagonistak ez izaten, ezin omen dute bigarren mailako pertsonaiaren rola onartu eta balkoi txiki baina ikusgarri horretara ateratzea erabaki dute.

  “Aliatuen” mozorroa ez zen nahikoa haientzat eta, nonbait, feminismoaren eremu zabalaren baitan haiek ere beren protagonismo kuota behar dute. Horregatik ez dute inolako eragozpenik lau haizetara haien bilakaera pertsonala zabaltzeko, badakizue “pertsonala politikoa da” eta, ezta haien burua biktimizatzeko ere. Xehetasun guztiekin kontatzen digute nola aldatzen ari diren, dena oso emozionala, dena hunkigarria oso. Ezagutuko ez bagenitu, benetan pentsatuko genuke patriarkatua mendetan zehar haiek, eta bakarrik haiek, zapalduz tematu zela.

   Gizonezkook matxismoaren biktima gisa agertzen zaizkigulako, hain zuzen ere. Ez omen daude orain pozik urtetan gozatu dituzten pribilegioekin, noski, orain kentzen hasi direnean, baina gozatu zituztenean haiek isilik, jakina, orduan feminismoa ez zen “mainstream”.

  “Iraultzarik baldin badago, feminista izango da ala ez da izango” ozenki eta enfasi handiz esaten dute gizonezko hauek, haien posizio pribilegiatua une batez sikiera zalantzan jarri gabe. “Iraultza feminista izango da eta, jakina, nik gidatuko dut” esan gabe adierazten digute plazaren erdigunetik maskulinitate berrien balkoira igo diren gizon puska hauek.

  Horregatik galdetzen didatenean “maskulinitate berriei buruz, zer?” “Zaharrak berri” erantzuten diet nik. Norberak aldatzeko eta bilakatzeko eskubidea dauka, noski, are gehiago onerako baldin bada. Baina ez da beharrezkoa norberaren lorpen pertsonal txiki horien propaganda egitea. Horren zaila al da gizonezko batzuentzat noizean behin isilik geratzea eta protagonismoa behingoz beste batzuei dagokiela onartzea?

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia