Itxi

Faktoria

Julen Orbegozo

'Orrazkerak'

Julen Orbegozo

Espazio publiko eta politikoan berriki ikusi duen indarkeria kasu bat salatu nahi izan du Julen Orbegozok bere 'Sinadura'n.

  • Julen Orbegozo

    Julen Orbegozo

    3:01 min
imagen player
imagen player
imagen player

Julen Orbegozoren 'Sinadura' "Faktoria"n.

"Ez naiz, efemeride zaleen eguna.

Ez naiz, ez, “urtean behin” zerbait ospatu, salatu eta aldarrikatu zalea.

Gaur bezalako egunetan, zera etortzen zait burura: Ona, justua, zilegia bada zerbait aldarrikatzea edo ospatzea urteko egun batean, ba zilegia izango da gauza bera aldarrikatzea urteko egun guztietan. Ezta?

Horrrelako egunen bueltan askok eta askok egiten dutena, nire iritziz, eta hona asmatutako termino bat, “face-washing-a” da. Alegia, ospakizun edo aldarrikapen eguna baliatzen dute burua zuritzeko.

Oso ohitura katolikoa dela esango nuke. Urte osoan bekatari izan ostean, hara, penitentzia txiki bat eginda eta egun bateko otoitz-jardunaldia eginda, kontzientzia lasaitzen omen dute, eta oinaze guztiak akabo.

Begira,

Badago, ekologista izpirik izan gabe “greenwashinga” edo “ekolozuritzea” egiten duenik.

Badago, euskararen alde ahal duen guztia egin ez, eta, egutegiaren aitzakia baten bueltan “euskal-washinga” edo “euskarazuritzea” egiten duenik.

Eta badago, emakumeen aurka ageriko eta ezkutuko biolentzia egunero praktikatu ostean, “genderwashinga” edo “genero-zuritzea” egiten duenik.

Eta gero badago jendartearen zati handi bat, ni neu barne, hein batean, biolentzia gure begiekin ikusi eta beste alde batera begiratzeko joera, joera behintzat, izaten dugunik.

Horregatik tarte hau baliatu nahiko nuke, neure burua zuritzeko bada edo ez bada, salatzeko espazio publiko eta politikoan ikusi dudan indarkeria kasu bat.

Orain 4 egun, Espainiako egunkari batek, Mertxe Aizpurua eta Bel Pozueta iraindu zituen. Mertxe, Bel eta euren moduko milaka emakume. Euren orrazkeraren harira zioen kazetari batek ez zela femeninoa, eta hartara, agresiboa, biolentoa eta intimidatzailea zela; alegia, gizonen atributoak orrazkeraren bitartez eurengatau nahi zituztela. Gizonen atributuak bailira, politikan egoteko, atributu garaile eta ezinbestekoak.

Jakin badakit, Mertxe, Bel eta emakume askok, alderdi ezberdinetakoak, egunero lanean dihardutela, politikan egoteko eta politika komunikatzeko bestelako moduak daudela erakusteko. .

Grin hori eskertu nahiko nieke: ile motz, luze edo flekillo tenteekin, gorbata, traje edo soinekoarekin, makillatuta edo makillairik gabe, bakeroetan, alkandora zuri, koadro edo marradunarekin, amerikana urdin edo baltzarekin, txapela, bisera edo txanoarekin… berdin da, ezpain gorri margotu edo margotu gabeekin… gauzak aldatzeko lanean, espazio publiko eta politikoan, dabiltzanei.

Benetako iraultza baita egiten dutena: ehundaka urtez, gizonek, gizonentzat eraikitako sistema politiko baztertzaile eta biolentoa aldatzeko politikan parte hartzea.

Ze orrazkera bat kanporatu nahi izatea sintoma bat da. Beldurtuta daudenaren sintoma. Emakume iraultzaileak dira, orrazkera terminoetan eta aldaketa terminoetan, desobedienteak, transgresoreak.

 Eta ederrena da, emakume eta gizon askok, bestelako sistema politikoa, eduki eta formetan, irudikatzen duzuela. Bejondeizuela!"

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia