Faktoria
Pilar Kaltzada
'Zergak'
Pilar Kaltzada
EAEko erakunde zerga-biltzaileek koronabirusaren krisiak eragindako zuloa aitzeko ezarritako neurri bereziak eta hainbat enpresa handien jokamoldeak izan ditu hizpide Pilar Kaltzadak bere 'Sinadura'n.
-
Pilar Kaltzada
2:44 min
Pilar Kaltzadaren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"Egoeraren gordintasunaz ohartuta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek urtebetez luzatu dituzte une honetan indarrean diren zerga neurri bereziak, koronabirusaren krisiak eragindako zuloak estali ez, baina gutxienez, arindu ahal izateko. Hobariak eta erraztasunak emango dituzte gurean zergak biltzen dituzten erakundeek, horien artean aipagarriena —baina ez bakarra— aitorpena egin behar izateko gutxieneko diru sarreren muga 12.000 eurotik 14.000ra igo dela. Langile autonomoen kasuan COVID-19ak eragindako itxierengatik jasotako laguntza batzuek ez dute errenta zergarik ordainduko eta aurtengo azken hiruhilekoari dagokien errenta zergaren ordainketatik salbuetsita izango dira.
Aste honetan bertan jakin dugu etxera eramateko janariaren negozioan diharduen Just Eat etxeak bere banatzaileak langile modura onartuko dituela, lan-kontratu eta guzti. Eta aste honetan jakin dugu datorren urtean Netflix eduki digitalen plataformak Espainiako bezeroengandik lortzen dituen irabazi osoen zergak Espainian ordaintzea erabaki duela. Orain arte, marketing-jarduerak baina ez zituen aitortzen, eta gainerakoa Herbehereetan ordaintzen zuen. Zaila da jakitea zenbat diru aurreztu duen orain arte, baina 2018. urtean hilean ia 170 milioi euro fakturatzen dituen Netflix etxeak 10.000 euro baino ez zituen aitortu eta guztira 3.000 euro itzuli zizkien ogasun-erakundeei. Hara, Gipuzkoa, Araba edo Bizkaiako zergaduna balitz, ordaintzetik salbuetsita legoke. Korporazio teknologiko handiek zerga-optimizazioa deitzen diote paradisu fiskalen onurez baliatzeari. Gutariko edonork egingo balu, iruzur esango genioke.
Osasun-krisiaren kurba apaltzen hasi garen honetan, birusak eragindako krisi ekonomikoak eta sozialak bere horretan jarraitzen dute. Laguntza publikoak nahitaezkoak dira, baina publiko deitzen dugun hori neurri handian zerga bidez finantzatzen dela ez da ahaztu behar. Zorpetuko badira ere, gure diru publikoa kudeatzen duten erakundeek publikoaren dirua behar dute, gure zergak, inbertsio publikoaren gurpilari eragiten jarraitzeko. Egoera zailenean dauden herritar eta enpresen kasuan zergei behera eustea aldi baterako aringarria da, eta guztiz beharrezkoa izanik ere, nekez izango da irtenbide sendo bat epe ertainean. Beste neurri gehiagorekin osatu beharko da ekonomia biziberrituko duen susperraldia, eraginkorra izango bada".
Niri bat otu zait: denok, txiki, handi, tabernari, langile, enpresari edo ospe handiko etxe moderno horietako bat izanda ere, dagokiguna jartzea denok baliatzen dugun poltsa publikoan. Bereziki zergak ordaintzea edo lan-betekizunak betetzea erabaki (erabaki!) dutela iragarri eta koloreak lotsagorritzen ez zaizkien etxe handi horiek.