Itxi

Faktoria

Mikel Irizar

'Adarjotzaile eguna'

Abenduaren 28a izan du hizpide Mikel Irizarrek bere 'Sinadura'n.

  • Mikel Irizar

    Mikel Irizar

    2:13 min
imagen player
imagen player
imagen player

Mikel Irizarren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Gaurkoari inuzente eguna esaten zaio, baina uste dut benetan adarjotzaileen eguna dela. Izan ere, hauek arituko dira gaur aldrebeskeriak asmatzen ea inuzenteak tranpan erortzea lortzen duten. Inuzenteek, kasurik onenean, tranpa sahiestearekin pozik.

Nik aitortu behar dut inuzenteengandik sentitzen naizela hurbilago, inuzentea baldin bada bizitzari fede onez aurre egiten diona. Beste muturrean jarriko nituzke gaur egungo zinikoak; hau da, gizakiarengan nahiz gizartean onik eta zintzotasunik ikusten ez dutenak. Hauek inuzenteen gainetik jartzen dute bere burua; haiek ez bezala, ondo ezagutzen dituzte munduaren entretelak eta miseriak, badakite indar nagusiak gaiztoak direla, eta, egoera aldaezina denez, geratzen zaien aukera da inuzenteen bizkar farre egitea.

Inuzente/ziniko dikotomia honen beste aldaera bat litzateke baikorren eta ezkorren artekoa. Eta hemen ere ez daukat zalantzarik nire burua baikorren artean kokatzeko. Inozo izan gabe, ia beti, ia edonon aurki daiteke eraldaketarako biderik eta bidelagunik; ia edonon, ia beti azaleratu daiteke ezberdinen arteko zoru komuna eta horren gainean eraiki lankidetza. Hain justu, jarrera honek bultzatzen du bat ekitera, saiatzera, etsi gabe, porrotei buelta emanez.

Ezkortasunetik abiatuta, aldiz, gauzak gaizki daude eta ezin dira aldatu. Beraz, eginkizuna da kulpanteak bilatzea eta haien kontra egitea. Sarri askotan, norberak egin ez, eta saiatzen denari trabak jarri. Gauzak beltz ikusita, ez dakit nondik ateratzen duten kemena goizero jaikitzeko. Indar handia behar da ezkor izateko.

Sinplifikaziotan nabil, badakit. Baina Euskal Herriari etorkizuna emateko arduran partaide sentitzen naiz, eta ilusio hori berpizteko premia ikusten dut gure artean. Sinisten dut sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik, bidea egin dezakegula eta ahalegin horrek egiten gaituela komunitate, herri, nazio.

Hori guztia esanda, gaur ez naiz haserretuko bizkarrean paperezko txorimaloa itsasten badidate. Ezikusiarena egingo dut".

 

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz