Faktoria
Julen Orbegozo
'2021 ez-disruptiboa'
2020. urtea laburbilduko duen hitzaren bila hasi, eta 2021.a nolakoa izatea nahiko lukeen azaldu du Julen Orbegozok bere 'Sinadura'n.
-
Julen Orbegozo
2:37 min
Julen Orbegozoren 'Sinadura', "Faktoria"n.
"2020a atzean utzi dugu.
Zenbait hizkuntzetako Akademiek ohitura dute urteak hitz bakar batez laburbiltzeko. Espainiako RAE-k “Konfinamendu” hitza aukeratu du 2020rako. Ingelesez jarduten duten hiztegi ospetsuek ere COVID-19arekin zerikusia duten hitzak aukeratu dituzte, nola ez: pandemic, quarantine, lockdown, eta abar.
Zentzu horretan, 2020ak ez du eztabaidarako tarte handirik utzi.
“2020a disrupzioaren urtea izan da”, entzun nion bati. Disruptiboa, baita hizkuntzaren arloan ere: hain denbora tarte txikian inoiz ez dugu gure lexikoa hainbeste aberastu: musukoa, telelana, distantzia-soziala, negazinosimoa, berrogeialdia, asintomatikoak, ez-festak… Nik, ordea, hitzetara baino ideietara jotzea nahiago izaten dut. Ideia batek, metafora batek, esaldi batek ere, balio duelako egoera animiko bat edo errealitate bat deskribatzeko.
Eta hala, esango dizuet, 2020a niretzako izan dela, hain justu, Amazonen gehiago erosi eta taberna gutxiago zapaldu genuen urtea. Mezularien urtea, tabernariena baino gehiago, alegia.
Eta urte berriak zer ekarriko digun, edo zer ekartzea nahi dugun irudikatzeko, Urkullu, EAEko lehendakaria ekarriko dut hari honetara.
Gogoratzen duzue gabon zahar eguneko mezu instituzionala? Zuzenean ikusi ez bazenuten ere, ziur, irudiren bat jaso duzuela ostean.
Ba urterik disruptiboena bukatzeko, disruptiboa litzateke Lehendakaria gorbata gabe, galtzontzilotan edo irribarretsu agertzea. Baina gure lasaitasunerako, zaharrak berri: Urkullu, bere ohiko tonu, eta estilo tradizionalean agertu zen Gabonetako uteroko mezuan.
Zergatik? Ba Abentura gutxi nahi duen jendartearentzat, abenturarik maite ez duenaren arketipo perfektua izan delako beti, eta izango delako beti.
Eta hori Urkulluren aholkulariek jakin badakite: gehiengoak ez omen du abentura askorik nahi. 2021, ez abenturaren urtea izango dela uste dut.
2021eko krisiak, ezustekoak eta abenturak datozen bitartean, etor bedi urtarrileko aldapa malkartsu baina tradizionala.