Itxi

Faktoria

Mikel Irizar

'Uste ustelak'

AEBko Kapitolioan izandako erasoaren harira, demokraziari eta ongizate estatuari lotutako uste ustelak hartu ditu hizpide Mikel Irizarrek "Sinadura"n.

  • Mikel Irizar

    Mikel Irizar

    2:30 min
imagen player
imagen player
imagen player

Mikel Irizarren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Uste genuen parlamentuak indarrez hartzea demokrazia ahuletan gertatzen zela. Baina Tejeroren 81eko erasoa ikaraz bizi izan genuenok antzeko irudiak ikusi ditugu asteon Estatu Batuetako Kapitolioan: oldarraldiak eta tiroak, ordezkariak makurtuta edo ezkutuan, kolpistak toki sinbolikoetan, agintari gorenen anbiguotasuna... Aldeak ere bai: oraingoan uniforme gutxiago, eta hiru adarreko kasketaren ordez bi adarreko larrua buruan, besteak beste. Eta, serioago jarrita, oraingoan hildakoak ere izan dira. Bost guztira. Edota bost bakarrik. Ze harrigarria egiten zait, han, halako egoera batean eta behin tiroka hasita, ez gertatu izana sarraski handiagorik.

Sinetsita geunden munduaren bilakaeran demokrazia goragoko maila bat dela, eta probatzen zuten herrietan ezinezkoa zela atzera buelta. Baina bereziki azken bi hamarkadetan indartu egin dira boteregune globalak, eta haien gaineko kontrol demokratikoak nabarmen ahuldu.

Pentsatzen genuen ongizate-estatua ere itzulerarik gabekoa zela; gizarte gero eta heziagotan nola izango zen ba posible irabazitako eskubideak galtzea? Baina krisi ekonomiko errepikakorrak ondo asko baliatzen dituzte boteretsuek aldiro, haien mozkinak handitzeko gehienon ongizatearen kontura.

Pozik geunden mundu zabalean eta gurean dinamika sozialak indartzen ari zirelako, izan genero edota hizkuntza berdintasunaren alde, edo klima aldaketaren aurka; pentsio duinak aldarrikatzeko edota erabakitzeko eskubidea. Baina pandemiak etxeratu egin gaitu eta kaleak hutsik geratu dira, boteretsuak are libreago jarduteko arriskuarekin.

Uste asko gertatzen ari zaigu ustel. Baina ikasgaia hor dago: beti aurrera gabe, posible da atzera egitea. Horregatik, gehiengoarentzat irabazitakoa defendatu beharra dago beti, lorpen bakoitzari eutsi egin behar zaio, helburu berriak erdiesteko ez daukagu herritarron indarra besterik. Beraz, hartu arnasa, neurtu erritmoa, elikatu bizipoza, eta ekin!".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia