Faktoria
Merkel-osteaz
"CDUren primarioa Trumpen kargugabetzea baino garrantzitsuagoa da guretzat"
Alemaniako CDU alderdiak presidente berria aukeratzeko hiru egunen faltan, Angela Merkel ordezkatzeko botere-talkez aritu gara, eta "Merkel osteko" Alemania eta Europa marraztu ditugu.
-
Angela Merkel
24:33 min
Angela Merkelen ibilbide politikoak epilogoa idazteari ekin dio. Irailaren 26an egingo dituzte Bundestaga berritzeko hauteskundeak eta kantzilerrak iragarri du ez dela aurkeztuko. Atzera kontaketako lehen hitzordua CDU Batasun Kristau Demokratako presidentea aukeratzeko barne-hauteskundea da. Ostiralean eta larunbatean egingo dute, eta alderdiko presidente berria aukeratuko dute. Aurrez-aurre, bi eredu: Merkelen ildo zentristari eustearen aldekoak alde batetik, eta alderdia eskuinera eramatearen aldekoak bestetik.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, barne-hauteskunde hori "Donald Trumpen kargugabetzea baino garrantzitsuagoa" dela esan du Mikel Reparaz kazetariak, "Erresuma Baturik gabeko Europan Alemania indartu delako", eta, ezustekorik ezean, hurrengo kantzillerra CDUkoa izango delako: "CDUk eskuinera egiteko aukera kezkagarria da Europako Batasunarentzat". Aurrera-urratsa eman duten hiru hautagaiak gizonezkoak dira (Armin Laschet, Friedrich Merz eta Norbet Röttgen), eta Ludger Mees EHUko irakaslearen ustez inork ez du kantzillerraren sendotasuna: "Merkelen itzalean ez da hautagai sendorik agertu, inork ez du bere autoritatea". "Figura karismatiko gutxi" daudela nabarmendu du, bide beretik, Petra Elser itzultzaile euskal-alemaniarrak.
Merkelen ondareaz, kantzilleraren lidergoaz, Merkel-osteko Europaz, eta alemaniar kontserbadurismoaren aurrean dauden ezkerreko alternatibez aritu gara solasaldia osatzeko.